Hirugarren urtez antolatu du Udalak ekitaldia, iritsi berriei baliabideak eskaintzeko eta herrian zer dagoen ezagutarazteko. Guztira, 396 lagun erroldatu ziren Bergaran iaz, eta haien artean, 30 nazionalitate baino gehiagotako pertsonak zeuden; gehiengoa, euskal herritarrak.
Ekitaldian, parte-hartzaileek lehenik eta behin euskal musika eta dantza tradizionalekin egin diote ongietorria iritsi berriei, aurresku batekin hasita. Ondoren, sei eragilek euren lana eta eskaintzen dituzten baliabideak aurkeztu dituzte: Ndank Ndank, Familia Enbaxadoreak, Martxanterak, Udal Euskaltegia, Bergarako EPA, Jardun Euskara Elkartea eta Euskal Herrian Euskaraz. Gainera, aurreko urteetan Bergarara bizitzera etorritako hainbat herritarrek beren esperientziak partekatu dituzte.
Baliabideei dagokienez, Udalak iaz aurkeztutako Baliabideen Gida eskura jarri die iritsi berriei. Gida horrek Bergaran bizi berri direnek behar izan ditzaketen oinarrizko informazioak biltzen ditu: herriko mapa, interesguneak, osasun zerbitzuak, liburutegia, kiroldegia eta abar.
Zihortza Marzan Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak ekitaldiaren garrantzia nabarmendu du: "Iaz erroldatu zirenei ongi etorria ematea izan da helburu nagusia. Horrekin batera, herrian dauden eragileetako batzuk ezagutzera ematea eta eurek egiten dituzten ekintzak ezagutu ditzaten". Era berean, ekitaldia oso aberasgarria dela adierazi du, bai herriarentzat, bai erroldatu berri diren herritarrentzat: "Gainera, erroldatu berri denak oso eskertuta egoten dira". Bertaratze kopuruari dagokionez, 30 pertsona inguru izan direla adierazi du.
Herriko eragileen presentzia
Euskal Herrian Euskaraz taldeko Ibon Leibarrek eta Ainhoa Pardina Arenazak ekitaldiaren garrantzia azpimarratu dute: "Guretzako garrantzitsua da Bergarara etorri direnei harrera bat egiteko aukera izatea, eta gu parte izatea gustatu zaigu". Halaber, hizkuntza gutxitu baten presentziaz kontzientziatzea ere euren ekarpenaren parte dela nabarmendu dute.
Ndank Ndank elkarteko Eli Dominguezek, berriz, bertaratutakoekin sareak ehuntzearen beharra azpimarratu du: "Ongietorria egiten dugunean, askotan beraiek gurera gerturatzeko zain gaude, baina nire ustez guk ere eman behar dugula beraiena hurbiltzeko pausu hori".
Esker onak
Galia Omarrek, bost urte daramatzan herritarrak, bere esperientzia partekatu du: "Ekitaldi hau oso interesgarria izan da, bertan herriko hainbat eragile aurkeztu dira. Modu honetara, iritsi berriei ongietorria egiten zaie eta konfiantza ematen zaie". Bergarari dagokionez, hasieratik herriarekin lotura berezia sentitu zuela adierazi du: "Autobusetik jaitsi orduko lasaitasuna sentitu nuen. Bergarako jendea oso abegikorra da eta oso gustura nago hemen".
Azkenik, Bergaran hilabete eta erdi daraman Alawi Jawadek herria "ederra, historikoa eta lasaia" dela esan du, eta bertako bizilagunak "oso jatorrak" direla gehitu du.
Amaiera hunkigarria izan du ekitaldiak, "Zeinen zaila den etxe bat sortzea, beste etxe guztiak hor daudenean" dioen 25. Artikulua abestiarekin. Behin ekitaldiari amaiera emanda, modu lasaiago batean elkar ezagutzen joan ahal izateko luntx bat prestatu dute.