Bi fasetan gauzatuko dira lanak. Lehen fasea izango litzateke Egino Mallea plazatik Arrese kantoiraino eta espero dute lehen fase hori hiru hilabetetan gauzatzea.
Ondoren helduko litzateke bigarren fasea, Arrese kantoitik San Martin plazaraino eta kale tarte hori berritzeko zazpi hilabete kalkulatzen dituzte; betiere, azpimarratu dute, halako obra handietan gerta daitezkeen atzerapenei zabalik.
Lur azpiko sareak berritu eta kale osoa maila berdinera ekarrita urbanizatzearekin batera, Udalak agintaldirako planean zehaztutako alde zaharra biziberritzeko helburu estrategikoarekin estuki lotuta duen proiektua da.
Zubieder enpresaren "bermea"
Zubieder enpresari esleitu dio Udalak obra, 1.447.383 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). Hain zuzen ere, herrian hainbat obra esanguratsu egin dituen enpresa da Zubieder; tartean, Zubieta eta Masterreka kaleak berritzea.
Zubieder enpresaren bulego teknikoa kaleko zortzigarren atarian egongo da kokatuta. Trafikora itxita egongo da kalea obrek irauten duten bitartean baina bizilagunek eta dendariek uneoro izango dute pasabidea bermatuta atari, komertzio eta tabernetara. Hain justu ere, atzo iluntzean bilera izan zuten udaletxean obraren gaineko xehetasunak emateko. Esan beharra dago Barrenkalean gaur egun 23 bizilagunek dutela desgaitasunen edo menpekotasun mailaren bat eta horiei jarraipen zorrotza egiteko konpromisoa hartu dute Udaletik.
Dena ondo bidean, beraz, urte bukaerarako berrituta egingo litzateke Barrenkalea. Baina ze itxura hartuko luke? Badago herrian erreferentziarik? Udaleko hirigintza zinegotzi Markel Azkargortak dio Komenio kalearen itxura antzekoa izango duela.
Barrenkalea berritu ostean San Martin Plaza berritzeko lanei berehala heltzea da Udalaren asmoa baina aurreratu dute hori hainbat baldintzen menpe egongo dela. San Martin plaza berritzeko 2,1 milioi euro bideratzea aurreikusten dute.