38,5 milioi euroko aurrekontuak onartu ditu Bergarako udalbatzak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko ots. 11a, 13:34

38.552.926 euroko aurrekontua onartu du Bergarako udalbatzak, iazkoa baino %14 handiagoa, atzo egindako ezohiko osoko bilkuran. 10 milioi euroko inbertsio gaitasuna izango du eta Udal Gobernuaren esanetan, Bergarak "sekula izan duen inbertsio mailarik handiena izango da". EAJk aurka bozkatu zuen eta PSE-EEko ordezkari Alberto Alonso ez zen osoko bilkuran izan.

Udal Gobernuak adierazi du Bergarak dituen erronkei aurre egiteko eta herritarren beharrei erantzuteko prestatu dituela aurrekontuak, Bergara bizi kalitatean erreferente bihurtzeko, espazio publikoak eta zerbitzuak hobetuz eta auzo guztiak kontuan hartuz. "Guk pentsatzen dugu proiektu anbiziotsu batekin gatozela, uste dugu erronkak ondo identifikatuta dauzkagula eta plan estrategiko bat daukagula. Hori jarraitzen ari gara", azaldu du Maite Usabiaga EH Bilduko bozeramaileak. 

Proiektu esanguratsuenak

10 milioi euroko inbertsio gaitasuna izango du eta udal gobernuaren esanetan, Bergarak "sekula izan duen inbertsio mailarik handiena izango da". Hala, Udal Gobernuak nabarmendu dituen bi proiektuak izan dira Barrenkalearen berrurbanizazioa eta San Martin Plazaren itxura aldaketa. 1.600.570,26 euro bideratuko dira Barrenkaleko obren exekuziora.

Horretaz gain, milioi bana euro bideratuko dira udal eraikinetako hobekuntzak egiteko –herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak irisgarriago eta erosoago egiteko eta udaletxeko eremuak berriztuko dira– eta Agorrosingo teilatua berritzeko.

Landa auzoetan, baserrietako bideak garbitu, zaindu eta konpontzeko 272.000 euro bideratuko dira, eta Boluko malda babesteko 536.000 euro. Eraikin publikoetan ere instalazio fotovoltaikoak jarriko dira eta aurreikuspena 388.000 eurokoa da. Hala, Arrizuriagan jarriko dute emakumeen txokoa berdintasun politiketan sakontzen jarraitzeko eta erreferente kultural bihurtu nahi dute. Horregatik, eraikinaren hornikuntzarako 1.300.000 euroko inbertsioa egingo dute.

Proiektuak garatzeko, ordea, oreka mantentzen ari direla dio Usabiagak: "Oreka bat mantentzen saiatzen ari gara. Egia da hirigintzako proiektu batzuk oso erraz ikusten direla noiz hasten diren. Badira beste proiektu batzuk etxeko lan batzuk eskatzen dituztenak, baina esango nuke oreka baten bagabiltzala eta 2025ak horrelako aurrekontu anbiziotsua dauka. Gauza batzuk pilatu egingo dira 2025ean, baina lau urte hauetan zentzua duen oreka batekin ari gara".

EAJren ezezkoa

EAJk aurka bozkatu zuen jeltzaileen iritziz aurrekontuak ez diotelako ematen erantzunik Bergarak etorkizunera begira dituen erronkei. 22 proposamen aurkeztu zizkieten udal gobernuari, eta udal gobernuaren partetik jaso duten erantzuna ez da nahikoa izan. Jeltzaleek azpimarratu zuten EH Bilduk ez duela jarri funtsezko proiekturik mahai-gainean eta orain garatu behar dituztenak aurreko urteetan landutakoak direla. "Guk gaur onartu den aurrekontua pentsatzen dugu ez dela Bergarak behar duen aurrekontua. Esan dugu, Bergara atzean geratzen ari dela, bailarako beste herriekin konparatuta, eta horregatik uste dugu, aurrekontu horiek ez diotela ematen erantzunik Bergarak etorkizunera begirat dituen erronkei aurre egiteko", zioen EAJko bozeramaile Mikel Leten bilkuraren ostean.

"Ikusten duguna da aurrekontuan azaltzen diren inbertsioak 2025erako direla proiektuak datozenak duela zortzi-zazpi urte egindako proiektua. Lehengo proiektuak gauzatzen ari direla orain. Ez duguna ikusten da etorkizunari begira proiektuak funtsezkoak direnak Bergarak aurrera egin dezan", gehitu zuen. Horren harira, Usabiagak gaineratu zuen jaso dituzten proiektuak "aspalditik" egitkeo zeudenak direla, eta orain ikusi dutela momentua egin ahal izateko.

Mugikortasun Plana eztabaidagai

Mugikortasun Plana izan zen osoko bilkuran eztabaida nagusia sortu zuen puntua. EH Bildutik adierazi dute HAPOa berritzen ari direla, eta horren baitan jarriko dutela Mugikortasun Plana: "Gorka Artolak azaldu duen bezala, bazegoen diagnostiko bat eta hori konpartitu zen, ez zela abiapuntu egoki bat. Gaur egun zelan HAPOa berritzen ari gara eta Mugikortasun Plana guztiz baldintzatuta ikusten dugu HAPOak emango duen horrekin, orduan, horren baitan jarriko da plana. Gorka Artolak azaldu duen bezala, badaude oinarri batzuk mugikortasun plana arautzen dutenak, plana bera, plan bezala existitzen ez bada ere, badauzkagu oinarri batzuk mugikortasunari begira Bergara bera egokitzen juteko".

Jeltzaleei, aldiz, iruditzen zaie HAPO barruan garatuko den Mugikortasun plana ez dela benetako Mugikortasun Plan bat: "Sei urte daramatzagu EH Bilduren Gobernuak agindu zuenetik Mugikortasun Plan bat egingo zutela eta oraindik ez daukagu. Orain ere, berriro, azalpenetan esaten digute HAPOaren barruan egingo den Mugikortasun Plan moduko bat, horren zai gaude. Guk batzordean ere esan diegu HAPOaren barruan egingo den plan hori ez dela benetako Mugikortasun Plana. Datu batzuk jasotzea da, hortik aktuazio batzuk etorriko dira, baina ez da ulertzen dena Mugikortasun Plana. Gu hori ari gara eskatzen, ze ari gara ikusten mugikortasun aldetik Bergaran arazo handiak daudela. Eta atzeratzen goaz, eta soluzioak ez dira planteatzen gobernu honetatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak