Erakusketa bat gerren izugarrikeriaren gainean gogoeta egiteko

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko ots. 8a, 10:50

Zabalik da Gernikak. Begiradak izeneko erakusketa Bergarako Aroztegi aretoan. Picassoren margolanetik abiatuta egin ditu bere artelanak Xanti Arrieta bergararrak. Hitzak, berriz, lehen mailako kolaboratzaile zerrenda luze batek gehitu ditu. Hunkigarria izan zen atzo egindako inaugurazio ekitaldia.

"Inpotentzia eta ezinegon handi batetik" abiatutako proiektua dela azaldu zuen Arrietak atzo egindako irekiera ekitaldian. "Obra ezohikoa da nire ibilbidean. Gainera, bidelagun oso bereziak izan ditut. Horregatik, diziplina asko uztartzen dira erakusketa honetan". 

Jendez bete zen Aroztegi aretoa atzo iluntzeko inauguraziorako. Herrikide zein gertuko lagunez gain bertan izan ziren Gorka Artola alkatea, herritarren arloko arduradun-zinegotzi Maite Usabiaga, erakusketako koordinatzaile Txema Ramirez de la Piscina –Arrietaren lehengusua–, BEART elkarteko kide ugari, eta egitasmoan parte hartu duten Maite Aristegi, Patxi Ibarzabal zein Martxelo Otamendi –azken honek joan egin behar izan zuen inaugurazio ekitaldia hasi baino lehen–.

Arrietak hartu zuen hitza lehenengo eta proiektu honetan bidelagun izan dituen guztien ekarpena eskertu zuen. "Ez da gai samurra, eta gogoeta eragitea da asmo nagusia", esan zuen.

Txema Ramirez de la Piscinak hartu zuen lekukoa. Esan zuen Gernika asko daudela munduan eta min handia egiten diola entzuten duenean defentsan gehiago inbertitu behar dela. Arrietak hitzak botatzen zituen faltan bere proiektuan eta Ramirez de la Piscina arduratu da lortzeaz.

Kolaboratzaile zerrenda luzea osatu du eta Arrietaren piezen ondoan daude idatzizko hainbat gogoeta. Sinatzaileen artean dira Nerea Ibarzabal Salegi, Eñaut Elorrieta Larruzea, Castillo Suarez Garcia, Patxi Ibarzabal Ansola, Maite Aristegi Larrañaga, Amets Arzallus Antia, Onintza Enbeita Maguregi, Martxelo Otamendi Egiguren eta Krimen Uribe Urbieta.

Maite Aristegiren olerkia

Elorrioko amandre Alejandrari buruz idatzi du erakusketarako testua Maite Aristegik. Irekiera ekitaldian izan zen eta alabaren gitarra doinuetan lagunduta oso hunkigarria izan zen olerkia eskaini zuen. "Bi seme galdu zituen gerran amandreak; bat gudari joan zen eta bestea behartuta eraman zuten sorotik frankistek. Ez zituen semeak berriz inoiz ikusi. Haren mina etorri zitzaidan burura Xantik lerro batzuk idazteko eskatu zidanean".

Aristegiren iritziz zaila da gertatzen ari dena ulertzea. "Gizakiak ez du aurreko belaunaldien sufrimendutik ikasten. Mundua sutan dago eta gu epel", eta kritiko da arma-industriaren garapenarekin.

Duintasuna biktimei

Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko Patxi Ibarzabal ere ekitaldian izan zen. Berak ere idatzi ditu lerro batzuk. "Oso ariketa interesgarria da proposatutakoa. Etxez etxe testigantzak jasotzen ibiltzen gara elkartetik, eta konturatuta gaude egia irteten denean eta egia hori entzuna denean nolabaiteko erreparazioa ere badagoela. Erakusketa honek ere badu horretatik".

Alaiberri abesbatzaren hiru kanturekin eman zioten amaiera irekiera-ekitaldiari.

Erakusketa zabalik otsailaren 23ra arte

Herrian inauguratu nahi izan du erakusketa Xanti Arrietak eta otsailaren 23ra arte egongo da ikusgai Aroztegi aretoan. Ondoren, beste zenbait herritan izango da: martxoaren 4tik 27ra, Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean; apirilaren 1etik 27ra, Altsasuko Iortia aretoan; eta, nola ez, Gernikan ere bai –Astran– urriaren 3tik 24ra.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak