Picassoren Gernika obra oinarri hartuta, Zenbat Gernika daude? galdetu dio bere buruari Xanti Arrieta (Bergara, 1959) artistak, eta gaurtik hilaren 23ra arte Aroztegi aretoan ikusgai egongo den hamahiru konposizioko Gernikak. Begiradak erakusketa ondu du. Duela bost urte hasi zen proiektua lantzen, eta Picassoren obra zatikatuari gerretako irudiak nahiz euskalgintzako aurpegi ezagunen hitzak gehitu dizkio.
Nondik nora sortu zen Gernikak. Begiradak proiektua?
Gernika lana betidanik izan da erreferente niretzat. Ukrainako gerra hasi zenean, telebistako irudiak ikusita, burura etorri zitzaidan berrio ere Gernika. Zenbat Gernika ote daude? Ezinegona sortu zitzaidan eta proiektua forma hartzen hasi zen, baina konturatu nintzen borobiltzeko hitzak behar nituela.
Hitzak bai, baina ez edozeinenak: Kirmen Uribe, Martxelo Otamendi, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal...
Hamar kolaboratzaile dira, eta lan oso sakona egin du Txema Ramirez de la Piscina kazetariak. Hitzak behar nituenean, ari proposatu nion, eta proiektuan sartu zen. Kolaboratzaile gehienak hark lortu ditu. Horietako asko izan dira haren ikasleak. Kolaboratzaileek egin dute proiektua bereziago, ezberdinago eta garrantzitsuago.
Pentsatzen zenuen euskalgintzako erreferente horiek zure proiektu batean parte hartuko zutenik?
Sekula ere ez. Orain arte, nire obrak koadroak eta eskulturak izan dira; gehienetan, saltzeko. Obra hau ez da saltzeko; batetik bestera ibiliko da urte batzuetan.
Gernikako irudiez gain, Gazakoak, Ukrainiakoak, Hiroshimakoak... sartu dituzu; aukeraketa nola egin duzu?
Erreferenteak diren gerrak dira. Gehienak Gernikakoak dira, baina hainbat aukeratu ditut, aipatzen dituzunaz gain: Granollers, Vietnam...
Gernikako bonbardaketatik bizirik ateratakoen testigantzak ere sartu dituzu; lau, hain zuzen ere.
Haiek ere Txemak lortu ditu. Sei testu inguratu zituen eta aproposenak iruditu zitzaizkigunak hartu ditugu. Zaldia konposizioan sartu ditut. Tokia ez da handia, obraren barruan tartekatzen baitira.
Pintura, zeramika, eskultura... hainbat tenika erabili dituzu; zergatik?
Urteak daramatzat arte munduan. Printzipioz, margolaria naiz, eta zeramikatik sartu nintzen eskulturan. Hainbat teknika joan naiz ikasten bidean ikasten, eta horietaz baliatuz proiektu hau egin dut. Pintura, eskultura, zeramika, argazkilaritza... Egurra erabili dut, burdina...
Zein hausnarketa bultzatu nahi duzu lan honekin?
Ezinegonetik sortu den begirada islatu nahi dut. Telebistan gerra irudiak ikusten ditugu, eta ohitu egiten gara. Azpititulua da gerren zentzugabekeriak egindako gogoeta kolektiboa; hori sustatu nahi dut publikoan. Kontua nahiko tristea da, eta errealitatea, askoz tristeagoa.
Proiektu horretan Txema Ramirez de la Piscina izan da zure bidelagun.
Bai, baina ez da nire obran sartu. Testuekin aritu da, eta orain, nire prentsa-arduraduna da. Lan pila egin du eta egiten ari da. Hamar kolaboratzaile dira, hura zenbatuta, eta hark egin du lan hori. Egubakoitzean inaugurazioan egongo da, eta hura ari da antolatzen. Nik nirea eta hura harena. Azkenean, lantaldea sortu dugu.
Gaur arratsaldeko inauguraziorako zer prestatu duzu?
Zerbait berezia izango da. Kolaboratzaileetako batzuk etorriko dira, baina ez dut aurreratuko nortzuk izango diren. Esan dezakedana da Txema eta biok egongo garela, eta Alaiberri taldeak ere hartuko duela parte. Lagunak ditut taldean, eta proiektuaren berri eman nienean prest agertu ziren parte hartzeko.
Beste zenbait herritara ere eramango duzu erakusketa.
Martxoaren 4tik 27ra, Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean jarriko dugu ikusgai; apirilaren 1etik 27ra, Altsasuko Iortia aretoan; eta, nola ez, Gernikako Astrara ere joango gara: hori urriaren 3tik 24ra izango da.
Hamar kolaboratzaile
Amets Arzallus, Onintza Enbeita eta Nerea Ibarzabal bertsolariek, Martxelo Otamendi eta Txema Ramirez de la Piscina kazetariek, Kirmen Uribe eta Castillo Suarez idazlariek, Eñaut Elorrieta musikariak, Patxi Ibarzabal Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko kideak eta Maite Aristegi EHNE sindikatuko idazkari nagusi ohi eta politikari ohi bergararrak sortu dituzte testuak. Ramirez de la Piscinak lotu ditu kolaboratzaileak, baina Arrietak berak aukeratu zuen Aristegi, bazekielako bazeukala zer kontatu. "Proposamena egin zidanean, amona Alejandraren irudia etorri zitzaidan burura. Elorrion bizi zen, eta asko sufritu zuen. Hamaika seme-alaba zituen eta bi gerran galdu zituen: bata gudariekin joan zen; bestea faxistek eraman zuten. Haren irudia daukat sutondoan, negarrez, halako min batekin eta galdera askorekin", dio Aristegik.
Maite Aristegik Gernikak. Begiradak proiekturako idatzitakoa
Intxorta azpiko baserritxoan
amama Alejandra, kuxkurtuta, sutondoan.
Esku ximurtuetan argazki zahar bat;
otoitz ixil bat ahoan.
Horitutako bi irudiei, laztan bana, ta gorde berriz kolkoan:
Joxe, faxistek behartuta frentera;
Felipe, gudari, Herriaren aldeko bandoan.
Bi anai, parez pare, gerrate zoroa, odol jarioa.
Eta harrezkero zenbat alditan, zergatik, non daude, noiz arte?
Zenbat erantzun gabeko malko zure altzoan...
Maite Aristegi Larrañaga, nekazaria.