Josemari Arozena: "Ehiza-akordioarekin segurtasunean irabazi dugu"

Goiatz Arana Begiristain 2025ko ots. 5a, 17:15

Joan zen asteko eguaztenean akordioa itxi eta eguenean baimenak jasota, Gipuzkoan martxan dira berriz ere basurdeen eta orkatzen uxaldiak; Debagoienean bertan ere, Bergaran, adibidez, egin zuten domekan -San Blas auzoaren gainaldean- baita bi basurde harrapatu ere. Kuadrilla horretako Josemari Arozenarekin izan da Goiena telebista.

2023ko abenduan ehiztari baten tiro baten ondorioz Deban hildako emakumearen gertaerak sortu zuen arrakala  Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Ehiza Federazioaren artean. Heriotza harren harira erakundeek hartutako neurriek ehiztarien artean sortutako ezinegona eta protokoloaren berrikuspena tarteko, luze jo dute alde bien arteko negoziaketek, baina heldu dira adostasunera.

Debagoienean 6-7 ehiztari-kuadrilla daude. 20-30 lagunekoak dira gehienak eta Bergarakoa da guztien artetik handiena: 60 lagun inguru dira guztira -Elgetakoak eta Antzuolakoak tartean- eta basurdetan ibiltzen dira. Josemari Arozena da kideetako bat, eta akordioak "guztien nahiak asetzen ez" dituen arren, "lehengoa hobetzera" datorrela kontatu du.

Baso-pistetarako baimena

Orain arte 1970ean onartutako Ehizaren Espainiako Legea aintzat hartuta jardun dutela azaldu du Arozenak, baina Andaluziako baldintzak kontuan hartuta egin zela lege hura, eta hango eta hemengo orografiek ez dutela zerikusirik, eta "oso zaila" dela lege horrekin hemen ehizatzea: legeak ehiza-tokiak pistetatik gutxienez 50 metrora egotea eskatzen zuen eta distantziak zaintzea errekatxo inguruetan ere.

Akordioari esker, baso-pistetan ehizatzea posible da orain; seinaleztapen batzuk eginda, hori bai, mendian aisialdiaz gozatzen dabiltzanek ere ehiztariak non dabiltzan jakin dezaten.

Neurri berriak

Agindu berriak lurraldean "ehiza modu seguruagoan egitea" bermatuko du, Gipuzkoako Foru Aldunditik azaldu dutenez eta iritzi berekoa da Arozena ere.

Ehiza mapa guztiak digitalizatu dituzte, ehiztariei zehaztasun handiagoa emateko, eta kontrol neurriak zorrotzak izango dira: martxan den Aldundiaren ehiza-aplikazioan alta eman beharko zaio uxaldiari, zein kuadrillak, zein toki eta ordutan egingo duen eta orkatzetarako edo basurdetarako izango den adieraziz; eta hemendik aurrera parte hartuko duten kide guztien izen-abizenak ere sartu beharko dira. Behin kaptura eginda, horren berri ere eman beharko dute aplikazioan bertan: zenbat basurde, zenbat kilo, arra edo emea den eta ipinitako zigiluaren zenbakia sartuta. 

Basurde eta orkatz kopuruaren gorakada

Ehizarako eremuari dagokionez, ez dago aldaketarik, bere horretan mantenduko da; eta ehiza egunek eguena, zapatua eta domeka izaten jarraituko dute. Basurde eta orkatz populazioa nabarmen igo da, ordea; "murriztea kosta" egingo dela dio Arozenak; eta azken hilabeteotako etenak "ondorio zuzena" izango duela, umeak izaten hasten direnean.

Lurraldean ehiza jarduera berriz ere garatzea ahalbidetuta, apirilaren 13ra arte egongo da zabalik denboraldia.

Ekologistak Martxan

Gipuzkoako Ekologistak Martxan federazioak, ohar bidez, adierazi du ehiza ez dela irizpide teknikoetan oinarritutako jarduera, uxaldiak ez direla basoko populazioak behar bezala kudeatzeko tresna eraginkorra eta akordioak ez duela istripuak saihestea ekarriko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak