1,9 milioi euroko proposamena egin dio Bergarako EAJk udal gobernuari

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko urt. 31a, 08:54

Bergarako EAJren udal taldeko ordezkarietako batzuk, joan den astean, Batzokian. (Argazkia: GOIENA).

Aurreko asteko prentsaurrekoan alderdi jeltzaleak adierazi zuen EH Bilduren 2025eko aurrekontu proposamena "anbiziorik gabea eta kontinuista" dela, eta euren proposamenak lantzen zebiltzala. Atzo aurkeztu zizkioten Udal Gobernuari 2025eko aurrekontuari begira prestatu dituzten 22 proposamenak.

Bergarako EAJk 2025eko aurrekonturako 1,9 milioi euroko 22 proposamen aurkeztu dizkio Udal Gobernuari. "Aurrera jarraitzeko behar-beharrezko proposamenak" dira, aurrekontuaren %5. Pertsonak, zaintza, etxebizitza, sustapen ekonomikoa eta energia dituzte ardatz.

Proposamen horiek arlo hauetan banatu dituzte: gizarte zerbitzuak (315.000 euro), energia (260.000 euro), kirola (50.000 euro), auzoak (320.000 euro), obra eta zerbitzuak (133.000 euro), gazteria (5.000 euro), hirigintza (125.000 euro), etxebizitzak (600.000 euro) eta sustapen ekonomikoak (115.000 euro).

Jeltzaleen 22 proposamen horietatik lau nabarmendu dituzte. Batetik, etxebizitza gabeziari aurre egiteko plana garatzea (600.000 euro) "sekulako gabezia" dagoelako. Bestetik, Eguneko Arreta Zerbitzua eta etxez etxeko zerbitzuak uztartzeko lizitazio bateratua ateratzea (150.000 euro). Adierazi dute egungo etxez etxeko plegua abuztuan bukatuko dela, eta plegu berrian, bi zerbitzuak bateratzea izango litzatekeela asmoa. Azkenik, energia trantsizio ekologikorako bide horretan, energia berriztagarrien partida mantentzea (170.000 euro) eta ibilgailu elektrikoendako karga-puntuak jartzea (90.000 euro).

Beste 18 proposamenak

Gainerako 18 proposamenak honako hauek dira: zaintzarekin lotutako beharrak ezagutzeko Bergarako herritarren egoeraren diagnosia egiteko, 20.000 euro eta azterketa horietako emaitzekin Bergarako Zaintza Ekosistema proiektua garatzeko, beste 20.000 euro; Udaleko gizarte zerbitzuen egoeraren azterketarako, 10.000 euro; San Joxepe egoitza berrantolatu eta berrizteko, 45.000 euro; Zabalotegiko gaztelekua eraberritzeko, 20.000 euro; haurrendako jolas parke estalia erdigunean egiteko, 50.000 euro; Agorrosinen bigarren fasearen idazketarako, 50.000 euro; landa-lurzoruaren lursailen georeferentzia egiteko, 60.000 euroko partida; baserri bideak eta kunetak garbitzeko, 260.000 euro; Artzamendi atzeko marta eta Madura atzeareak garbitu eta espazioak berreskuratzeko 30.000 euro; herri garraioa Mugin sartzeko, 12.000 euro (erabiltzailearendako erraztasuna, txartel bakarra eta lurralde guztirako erabilgarria); autobus geltoki eta markesinen mantenurako, 25.000 euro; zebrabideen azterketarako, 66.000 euro; txiki txokoetako sarrera sistema ezartzeko, 5.000 euro; mugikortasun planaren idazketarako, 50.000 euroko partida; Martoko eta Zubiaurre berrurbanizatzeko idazketa proiekturako, 75.000 euro, eta enplegua sustatzeko partidan 115.000 euro mantentzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak