2024-2025eko denboraldia berezia ari da izaten Bergara Igeri Elkartearentzat. 130 igerilari dira gaur egun taldean, orain arteko kopururik handiena. Astelehenetik egubakoitzerako arratsaldeetan Agorrosin kiroldegi barruko igerilekua bisitatzea besterik ez dago nolako mugimendua dagoen ikusteko.
Hiru faktore
Halako igerilari kopuru bat izatera ez da kasualitatez heltzen, eta taldeko entrenatzaile Asier Perezek hiru faktore nabarmendu ditu horretarako: "Lehen arrazoia eguneroko lana da; bigarrena, konpromiso handia dagoela igerilarien eta entrenatzaileon partetik; eta hirugarren faktore garrantzitsuena da elkarte barruan dugun talde-giro ederra. Uste dugu hiru motibo horiei esker taldea handitzen joan dela, poliki-poliki, aurtengo denboraldian dugun 130 igerilarien kopurura heltzeko".
Benjamin, alebin, junior eta, aurten lehen aldiz, master mailetako taldeak dituzte. Master taldea sortu dute igerilari beteranoei begira, eta, horrez gain, inoiz baino babesle gehiago dituzte: "Babesle berriak gerturatu izana ere bada lana ondo egiten ari garen seinale. Halako laguntza eta babesa lortzea ez da egun batetik bestera lortzen".
Ane Alberdiren etorkizun oparoa
Eguneroko lanaren, konpromisoaren eta giro onaren ondorio ere badira orain arteko lorpenak. Eta, lorpen horien artean, bat azpimarratu du Perezek: "2024ko azaroan Madrilen egon ginen, Espainiako txapelketa absolutuan, Ane Alberdirekin. Lehen aldia da gure igerilari bat maila horretan lehiatzera heltzen dena, eta hori oso pozgarria izan da denontzat".
Protagonistak, Ane Alberdik (Bergara, 2008), Espainiako maila absolutuko txapelketan ez zituen bereziki denbora onak egin, baina esperientzia moduan nekez ahaztuko du azaroan Madrilen bizi izandakoa: "Esperientzia berria eta ezberdina izan zen niretzat, lehen aldiz lehiatzen nintzelako Espainiako absolutuan. Igerilari gehienak ni baino askoz nagusiagoak ziren eta maila oso handia zegoen. Nire denborak ez ziren onenak izan, ez nengoelako sasoirik onenean, baina esperientzia moduan ederra izan zen. Ikasteko balio izan zidan, zalantza barik".
Gipuzkoako txapelketara begira
Orain arte egindakoaz pozik, aurrera begiratzeko ordua da orain. Hurrengo geltokia otsailaren 1eko eta 2ko asteburuan izango dute, Agorrosinen bertan jokatuko den Gipuzkoako txapelketan. Taldeko igerilari bakoitzak bere markak hobetzea izango da helburua, Euskal Herriko eta, ahalko balitz, Espainiako txapelketetarako sailkatzeko. Ane Alberdik, behintzat, oso argi dauka zer lortu nahi duen Gipuzkoakoan: "Crawl eta bizkar-igeriketa modalitateetako 100 metrokoan Espainiarako gutxieneko marka lortzea da nire helburu nagusia; 50 metrokoan badaukat gutxieneko marka hiru modalitateetan. Ea lortzen dudan...". Bergara Igeri Elkartearen ardura izango da otsailaren 1eko eta 2ko asteburuko Gipuzkoako txapelketa antolatzea. "Kronometratzera igerilarien gurasoak etorriko dira", dio Perezek.
Bestalde, Udalari eskertuta dago Perez horrenbeste igerilari izanda entrenamenduetarako kale nahikoa izaten dituztelako igerilekuan, astelehenetik egubakoitzera arteko arratsaldeetan. "Egia da indarra lantzeko egubakoitz arratsaldeetan gela bat uzten digutela, eta nahiago genuke gela hori egun gehiagotan izan; alegia, aste barruan gimnasioa erabiltzailez lepo egoten da egun osoan, eta gure igerilariek lehen edo azken orduan joan behar izaten dute", gaineratu du.
Beteranoen taldea sortu dute
2024-2025eko denboraldiko nobedadeetako bat da aurten master taldea sortu dutela beteranoei begira. Garai batean igerilari izan zirenekin edo bere garaian federatu gabe egon arren igeri egin nahi dutenekin osatu dute taldea. Honela azaldu du talde beteranoaren sorrera Josu Morrasek, Asier Perezekin batera entrenatzaile lanetan diharduenak: "20 urte betetzen dituztenean, askok elkartea uzten dute, eta, horri buelta ematen saiatzeko, master taldea sortzea lortu dugu aurten. Igeriketa kirol indibiduala da, baina asko eskertzen da taldean entrenatzea". Master taldeko igerilari batzuk hasi dira lehiatzen. Adibidez, Gipuzkoako Open Master txapelketan izan ziren zenbait bergarar, Eibar, Azkoitia, Lasarte, Donostia, Ordizia eta Getxoko igerilariekin batera; Kepa Irizar Bergarako igerilari beteranoa bigarren izan zen.