Ekitaldiz betetako egitarauarekin ospatuko du Laboratorium Museoak 10. urteurrena

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko urt. 15a, 13:28

Bergarako Laboratorium Museoak 10 urte beteko ditu aurten, eta hori ospatzeko urte osoko ospakizuna antolatu du, ekitaldiz betetako egitarauarekin. Gaur goizean egin dute aurkezpen ekitaldia museoan bertan urte hauetan guztietan bidelagun izan dituzten erakunde eta eragileen aurrean.

Laboratorium Museoaren 10. urteurrena ospatuko dute aurten, eta bisita gidatuak, erakusketa bereziak, tailerrak, mahai-inguruak, aurkezpenak, hezkuntza eskaintza berria nahiz bestelako ekintzak hartuko ditu barnean egitarauak hilabete honetan hasi eta abendura bitartean.

10 urte zientziari ateak zabaltzen leloa jarri diote urteurreurrenari, hamar urtez gizarteari nahiz bisitariei zientziaren unibertsoko ateak parez pare ireki dizkiotelako, eta horretan jarraituko dutela berretsi du eguerdian Laboratorium Museoko zuzendari Rosa Errazkinek. Gainera, hamar urte hauen balorazio positiboa egin du esanez, pixkanaka-pixkanaka jendea gerturatu zaiela, gizartean murgiltzea lortzen hasi direla eta indarra hartzen hasi direla 10. urteurrenean.

Bergarako alkate Gorka Artolak gogora ekarri du Laboratorium Museoa aurrera ateratzeko urte guztietan egin den lana: "10 urte dira zabaldu zirela, baina horren atzetik sekulako lana eta esfortzua egon da. Zabaldu baino 23 urte lehenago hasi zen proiektua da eta 23 urte horietan eta 10 urte hauetan dena posible egin duten jendeari eskertu nahi diet".

Bi berrikuntza

Urteurrenarekin batera, berrikuntzak ere iritsi dira Laboratoriumera. Batetik, irudi berria. Zientzia eta gizarteratzea uztartzen ditu, museoaren oinarriak jasoz. Bestetik, Laboratorium Sekretua atari digitala. Museoan bertan aurkitu daitezkeen fisika eta kimika instrumentuei buruzko plataforma da. Jolas eran zientziaren historia ezagutu ahal izango da.

"Plataforma digitala da. Zientziako 12 instrumentu daude eta bertan Bergaran jasotzen diren altxorren funtzionamendua ikusi daiteke eta, horien inguruko informazio jaso. Jolas moduan planteatzen da motibazioa indartzeko", azaldu du Errazkinek.

Datozen ekintzak

Esan bezala, ekitaldiak antolatu dituzte urte osorako hainbat erakunde eta eragilerekin elkarlanean, eta lehendabizikoa zapatuan bertan egingo dute. Transgenikoen tailerra izango da publiko guztiei zuzenduta eta partaideek EHUko Kimika Fakultateko ikerlariak izango dituzte bidelagun transgenikoei buruz gehiago ikasteko.

Horren osterako, besteak beste, adimen artifizialaren mahai-ingurua, emakume zientzialarien jardunaldiak nahiz balearen moduluaren erakusketa iraunkorra antolatu dituzte. Wolframak ere izango du lekua egitarauan, noski, eta horren bueltako ekitaldiak datozen hilabeteetan egingo dituztela aurreratu dute.

Elkarlanaren emaitza

Rosa Errazkinek goizeko hitzartzean Euskal Herriko erakunde eta eragileekin egindako elkarlanean jarri du azpimarra: "Bergarako Udalaren Laboratorium Museoa elkarlan eta sinergien emaitza da. Horrela hasi zen eta horretan jarraitzen du egun ere. Besteen artean, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatea, Donostia International Physics Center (DIPC), UNED Bergara, Miguel Altuna Lanbide Heziketa, Euskal Herriko Unibertsitateko Ilustrazio zientifikoa edota Emakumeak Zientzian egitasmoa ditu bidelagun".

EHUko Kimika Fakultatea ere 50. urteurrena ospatzen ari da, eta hori ere izan dute gogoan goizeko ekitaldian. Hala, Kimika Fakultatetik aurreratu dute ospakizunerako egitaraua antolatu dutela, eta horietako hainbat ekintza Bergaran egingo dituztela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak