Bergarako Teresa Aranzibiaren etxea argiz betetzen da Gabonetan. Ez soilik ohiko apaingarriengatik, baizik eta barruan dagoen ilusio guztiagatik. Aurten ere, Sasha Melnyk etorri da Ukrainatik, Aranzibiaren eta bere familiaren besoetara. Melnykek 13 urte ditu, eta bigarren etxea aurkitu du Bergaran, Chernobil elkartearen Atseden Programaren bitartez.
Chernobil elkartearen Atseden Programak aukera paregabea eskaintzen die haurrei. Aurtengo kanpainaren baitan, Ukrainako 47 haur Euskal Herrira etorri dira, Gabonetako oporrak gerratik eta Ukrainako negu gordinetik urrun igarotzeko asmoz. Sei haurrek lehen aldiz bidaiatu dute eta beste 41 haur beteranok esperientzia errepikatzea erabaki dute. Egonaldi horrek, besteak beste, atsedenaldi bat ematen die adingabeei, gerra-egoeratik eta bertako bizitzako antsietatetik urruntzeko. Haur horiek Hego Euskal Herriko familiekin egongo dira, urtarrilaren 18ra arte.
Melnykek 2017an zapaldu zuen lehen aldiz Euskal Herria, eta, orduz geroztik, ia urtero etorri da Gabonetako eta udako oporrak pasatzera. "Olentzerorekin batera Sasha ere iristen da", dio Aranzibiak, irribarrez. Hasiera batean, udan bakarrik etortzekoa zen Melnyk; txikia zela Gabonetako argiak ikustearekin amesten zuenez, neguko oporrak ere Angiozar bailarako Gaztelu baserrian pasatzen ditu.
Egunak elurretako abenturetan, mendiko txangoetan eta familiako planetan igarotzen dituzte. "Igeri egitea eta tenisa asko gustatzen zaizkit. Udan mendira joatea ere bai", dio Melnykek. Baina familiarekin egotea baloratzen du gehien. Bereziki Aranzibiaren seme Martinekin duen harreman berezia nabarmendu zuen. "Batzuetan, jendeak galdetzen du ea anaiak garen, eta ezagutzen ez gaituztenei baietz esaten diegu", dio, umorez.
Ukrainako gerrako bizipenak
Melnyken irribarreak ezkutatzen duen bizitza gogorra da. Ukrainako gerrarekiko beldurra eta sufrimendua azalean daramatza. Aitak, gerran hainbat aldiz zauritu den gizonak, agian berriz ere frontera joan beharko du. "Beldurra ematen du", dio Melnykek, ahotsa motelduz.
Hasieran, inork ez zuen gerraren itzala etorriko zenik uste. "Arduratuta galdetzen zigun ea zer gertatuko ote zen gerra bat hasiko balitz. Nik erantzuten nion: 'Hori ez da pasatzen gehiago'. Baina bai, pasatu da", gogoratu du Aranzibiak. Urte hartan, Melnyk Ukrainara itzuli, eta egun gutxira egin zuen eztanda gerrak.
Gerraren lehen egunean, Melnyk eta bere familia lur azpian ezkutatu ziren. Errusiako tankeak haren herritik igaro ziren, eta ezjakintasunak arrastoa utzi zien. Bi hilabetez inkomunikatuta egon ziren. Bi hilabete haiek bizi izan zituzten bergararrek ere, kezkaz eta itxaronaldiz beterik.
Denbora luze baten ostean, Melnyk Aranzibiarekin kontaktuan jarri zen. "Azkenean, apirilean deitu ziguten eta hemen hartu genituen", azaldu du Aranzibiak. "Ez genuen inolako zalantzarik izan: gure etxea prestatu genuen, eta, Sasharen amarekin eta anaia txikiarekin batera, familia oso bat bilakatu ginen", gaineratu du.
Bigarren etxe bat
Melnyk Bergaratik urruntzen denean, bertan duen familiaren hutsunea sentitzen du. Baina ez da bakarra: Martinentzat ere hutsune nabarmena uzten du. "Asko igartzen dut faltan", dio Martinek. "Etortzen denean ilusioa egiten dit, eta ez dagoenean, aspertu egiten naiz". Izan ere, Martinentzat, Ukrainatik datorren anaia "berezi" bat da.
Aranzibiarentzat ere Melnykek berezitasuna du: "Oso harreman berezia dugu. Familia honendako, Sasha anaia eta seme bat da".
Euskaraz eta gaztelaniaz hitz egiten dute Melnykekin. "Gaztelaniak etorkizun batean ate gehiago zabalduko dizkiola uste dugu", argitu du Aranzibiak. Melnyk gaztelaniaz ondo moldatzen den arren, euskaraz dena ulertzeko gaitasuna du.
Etorkizun baten itxaropena
Euskal Herrian emandako egonaldiek, bertako kultura eta jendearekin izandako topaketek, etorkizuneko itxaropena pizten diote Melnyki. Baina, aldi berean, Ukrainan geratzen diren familia eta lagunak buruan daramatza beti. Euskal Herrian bizitzaren beste alderdi bat ikusi ahal izan arren, etxean bizi duten egoera horrek bihotzean sakon eragiten dio.
Aranzibiak itxaropen mezua du Atseden Programan parte hartzeko interesa izan dezaketenentzat: "Haur bati aukera bat ematea, eta gu bigarren familia bat izatea, izugarria da. Opari ederra da guztiontzat: bai haientzat, bai guretzat. Esperientzia honek bizitza osoan markatzen zaitu, eta uste dut eraldatzeko indarra duela". Programak, beraz, harreraren eta babesaren bidez, gerraren ondorioz ziurgabetasunean bizi diren haurrei itxaropen berria eskaintzen die, etorkizun hobe baten bila.
Melnykek mezu hau zabaldu nahi izan du: "Lehenengo urteetan haurrak zailak izan daitezke, ni izan nintzen moduan. Gero, hori pasa, eta ondo egongo zarete". Harrera familiek egiten duten lana azpimarratu nahi du hark, eta, horrez gain, hura bezalako haurrentzat horrelako atsedenaldi batek izan dezakeen garrantzia nabarmendu du.