Udal pilotalekuko sabaia berritzeko eta paretak berriro margotzeko lanak espero baino beranduago bukatuko dira. Lanak hasi zirenean, 2024ko urriko lehen astean, abenduan zehar amaitzeko aurreikuspena egin zuten, baina asmo hori ezin izan dute bete. Hirigintza arloko zinegotzi Markel Azkargortaren arabera, "obra delikatua" izan da: "Sabaia izatera berritu beharrekoa, eguraldiaren menpe egon gara erabat, eta horrek zailtasun batzuk eragin dizkigu. Atzerapenak atzerapen, espero dugu urtarril amaierarako bai amaituko ditugula lan guztiak". Oraindik ez dago irekiera-egunik, baina Udaleko Hirigintza arloan ez dute espero atzerapen handirik izango denik falta diren azken ukituekin.
Eragina murrizteko neurri batzuk
Bereziki estalkia berritzea eta pintaketa lanak gauzatzea izan da lanon helburu nagusia, baina bestelako lan osagarri batzuk ere egin dituzte; besteak beste, isolamendu termikoan eta akustikoan hobekuntzak egingo dira. Goitu Eraikuntzak enpresa ari da lanok egiten, ia 340.000 euroko aurrekontuarekin. Obraren eragina ahalik eta txikiena izateko neurriak hartu ditu enpresak; esaterako, eraikin barruan pladurrezko hormak jarri dituzte, frontoia tabernetatik bereizteko, eta Ibargarai kaleko zirkulazioan "mozketa oso puntualak" egin behar izan dituzte.
Pilota saila, itzultzeko irrikaz
Udal pilotalekua erabilera handiko azpiegitura izanik, obra hilabete batez atzeratzeak eragin du Gabonetan ohikoak diren ekintza batzuk bertan egiteko aukerarik ez izatea. Pilota sailekoen entrenamendu eta partiduez harago, besteak beste, Gabonetako kontzertu berezia San Pedro elizan egin behar izan zen eta umeen gozamenerako antolatu ohi den Gabonetako jolas parkea aurten Labegaraietan bakarrik jarri behar izan dute.
Pilota Sailekoak desiratzen daude otsailean frontoia erabiltzen hasteko: "Ea hala den"
Pilota saileko arduradun Julen Aranbururen arabera, desiratzen daude udal pilotalekura bueltatzeko: "Udaletik esan digute otsailean sartzeko moduan egongo garela. Ea hala den... Izan ere, Antzuolako elkartekoak oso ondo portatu dira eta oso ondo moldatu gara eurekin, baina irrikaz gaude gure betiko lekuan entrenatzeko eta jokatzeko. Antzuolakoaz gain, Angiozarko eta Boluko frontoiak ere erabili behar izan ditugu; bada garaia gure jokalariak alde batera eta bestera ibili barik normaltasunera itzul gaitezen".