Aroztegi aretoan egin zuten Miguel Okinaren kuadro-foruma egubakoitz iluntzean, Beart elkarteko kideen margolanak oraindik bertan ikusgai daudela aprobetxatuaz. Hark egindako bost pintura hartu zituzten eta horien inguruan berba egin eta eztabaidatu. Bostak ziren paisaiak, baina bostak ezberdinak: bertako paisaia bera bi koadrotan, urte eta urtaro ezberdinetan margotutakoak, Nafarroako, Erriberriko, Unx-eko eliza ikusten den beste bat eta Kanariar Uhartetako paisaia bolkanikoa eta goiko trenbidearen ondoan dagoen baserri bat besteetan. "Garai batekoak dira hiru baina trataera ezberdinarekin landutakoak. Berak trebetasun handia zuen, erregistro asko menperatzen zituen, eta bat edo beste erabiltzen zuen pintatu behar zuen horren arabera. Eta horretaz hitz egiteko ekitaldia izan da hau", Xabier Agirreren azalpenak.
Agirrerekin batera gidatu zuen ekitaldia Bingen de Pedrok. Dena hasi aurretik, baina, ongietorria eta eskerrak eman zizkien Migel Okinaren iloba Josu Okinak bertaratutakoei. Beart elkarteko kideak ziren asko eta pintura gustatzen zaien beste hainbat herritar ere han ziren, taldea osatuz.
1924ko irailean jaio zen Miguel Okina, Beart-eko lehen presidentea, Bergaran, eta joan den irailean hasi ziren haren jaioturtearen mendeurrena ospatzen. Hainbat ekitaldi egin dituzte harrez gero eta egubakoitzeko hau ere egitarau horren barruan sartu dute. Irailera arte luzatuko dute mendeurreneko ospakizuna eta dagoeneko badituzte ekintza gehiago pentsatuta: "Azaroan egin genuen elkarte gastronomiko pare batera bisita hango koadroak ikusteko eta haietaz hitz egiteko eta beste pare batera ere joango gara –otsailean, Sagarpera–. Beste 'kuadro-forum' saio batzuk ere baditugu buruan, erretratuena bat eta desagertutako paisaiena beste bat".