2023ko martxoan Berener irabazi asmorik gabeko kooperatiba eratu zen Bergaran eta, urte bereko maiatzaren 22ko osoko bilkuran Berener kooperatibako estatutuak onartu eta bazkide laguntzaile izateko erabakia hartu zen udalbatzak. Aurtengo apirilean diseinatu eta onartu zuen Bergarako Udalak Energia eta Klimaren Tokiko Plana.
Orain, adierazpenean dago jasota eta dagoeneko onartuta, Udalaren eta Berenerren artean lan marko iraunkorra irekitzea. Horregatik, asmoa da 2025eko urtarrilaren 30a baino lehen Berenerreko bazkide laguntzaile kontratua sinatzea. Horrenbestez, lankidetza hitzarmena sinatuta, Bergarako Udalak bazkide laguntzaile gisa Kontseilu Errektoretzan parte hartuko du eta eta eginkizun horretarako udal ordezkaritza izendatuko dute.
Energia trantsiziorako bidean
EH Bilduko bozeramaile Maite Usabiagak adierazi du energia eta trantsizio ekologikoaren gaiak garrantzia handia hartu duela eta administrazioari tokatu zaiola ardurak, neurriak eta konpromisoak hartzea: "Gainera, Europatik edo Euskadiko Trantsizio energetikoko legeak esaten digu saiatu behar garela komunitate energetikoak bultzatzen. Zentzu horretan ezinbestekoa ikusten genuen Berenerrekin lankidetza garatzea. Osoko bilkuran proposatu duguna da Berener aitortzea herri kooperatiba bezala, eta tresna ezinbesteko bezala udalaren parte hartze hori formalizatzea, eta konpromisoa hartzea Berenerrekin lan marko bat definitzeko".
Lankidetza eredu publiko komunitarioaren bidea nabarmendu du EH Bilduk. "Berenerrekin daukagun aukera da lankidetza eredu publiko komunitario bat garatzeko eta gure esku dagoena egingo dugu hori horrela izateko", gaineratu du Usabiagak.
Bide beretik jo du Bergarako EAJk. Jeltzaleek adierazi dute lanketa egin dutela udal gobernu nahiz Berenerrekin eta adierazpena adostearekin pozik agertu da: "Garbi dagoena da larrialdi klimatiko batean gaudela, eta orduan, trantsizio energetikoaren aldeko apustua egin behar dugula. Hor sartzen dira energia berriztagarri ezberdinak, horren aldeko apustua egin beharra daukagu eta ez bakarrik administrazioek edo erakundeek. Norbanakoak ere bai ahal den heinean. Uste dugu Udalak paper garrantzisua jokatu behar duela ahalbideratzeko proiektuak adierazpenena onartu dugun bezala".
Hala, 2025eko udal aurrekontuei begira ere 30.000 euroko partida definitu dute elkarlan hitzarmenean jasotakoak bideratzen hasteko. Dena den, 2025eko aurrekontuen harira Usabiagak azaldu du aurrekontuen ariketa luzatzen ari dela, baina asmoa litzatekeela urtarrileko osoko bilkuratik pasatzea gehiago ez luzatzeko.