DANBAKAST

Proiektu berri bitxi gehiago

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko abe. 5a, 09:02

Dream popa, pop lasaiagoa, metala eta punk-rocka entzun ziren Seminarixoan jokatutako seigarren Danbaka Musika Lehiaketaren hirugarren kontzertu gauean.

Gertu sumatzen da finala, lau musika proposamen bakarrik geratzen dira Seminarixoan aurkezteko. Eskualdeko musika aniztasunaren erakusle argia izan zen seigarren Danbakaren hirugarren kontzertu gaua ere: erpin askotako poparekin hasi, metalari tokia egin eta punk-rockarekin borobildu zuten gaua.

Del Val, Karena, Henko eta Txerrikumeak taldeak izan ziren egubakoitzean agertokian

Aniztasuna, aldi berean, taularen gaineko musikarien profilari begiratuta. Ederra da urteetako eskarmentua duten musikariak eta kasik hastapenetan daudenak oholtza bera partekatzen ikustea. Eta eskertzekoa da, era berean, aurreko urteetako Danbaka lehiaketetan parte hartutako musikariak proiektu berriekin eskualdeko musika lehiaketara itzultzea.

Erpin askotako popa

Erromintxelak taldearekin izan zen Jon Garcia arrasatearra orain dela bi urteko Danbakan, baina eskaintza oso ezberdinarekin zabaldu zuen egubakoitzeko lehiaketa. Orain dela bospasei urte etxean sortzen hasi eta dagoeneko bigarren diskoa ere grabatuta badu ere, zuzenekorik egin bakoa zen, eta ondo aprobetxatu zuen aukera, garai batean pisu-kide izan zituen musikari profesionalekin batera, doinu elektronikoak oinarri dituen Del Val proiektua erakusteko. Gitarra Garciaren eskuaren parte dela uste zuten ikusleendako, bereziki, opari polita izan zen Arrasateko musikaria, mikroa eskuetan, euskarazko eta gaztelerazko kantuak sintetizadoreak jotzen zituen bitartean abesten entzutea.

Lotsati samar hartu zuen lekukoa Antzuolako eta Hernani aldeko musikariak batzen dituen Karena taldeak, baina segituan bereganatu zuen agertokia. Goraipatzekoa da bi Irati abeslarien ahotsen joste eta jolas gozoa, eta azpimarratzekoa, aldi berean, musikari batzuek instrumentu bat baino gehiago jotzeko erakutsitako abilezia.

Abiadura azkarra bigarrenean

Oñatiko Unai Urkiak etxean landutako proiektu pertsonala izan zen Seminarixoko agertokian aurkeztutako hirugarren proposamena. Baxua eskuetan izaten da gehienetan agertokian; oraingoan, baina, mikroa zuen tresna bakar. Ondo defendatu zituen oinarrian metala baina bestelako estilo nahasketak dituzten doinu azkarrak, ahots apurtuarekin abesten, eta, horretarako, ezinbesteko bultzada eman zion alboan zituen Broken Legacy eta Lee-Kore taldeko musikari lagunen babesak.

Punk-rockarekin amaitu zen gaua, Aretxabaletako Txerrikumeak taldeak lekukoa hartuta. Talde horretan ere badago aurrez Danbakan parte hartutako musikari bat: aurreko aldiko sari nagusia eskuratu zuen The Clayton-eko Xabier Muñez. Emanaldi bizia eta dibertigarria egin zuten, iaz kaleratutako Nora heldu izeneko hirugarren diskoa oinarri hartuta eta aurrean zuten publikoaren feedbackarekin.

Jamaikako doinuak kanpoan

Sanprubusa bertaratuta, musikazaleen topagune bihurtzen da chill out gunea. Disko jartzaileei egin zaie aurten tokia, eta Bilboko DJ Navajita Suarezek –Irene Suarez– asmatu zuen doinu jamaikarrak aukeratuta hotz samar zegoen gaua berotzen.

Goiena telebistan, Danbaka.eus-en eta Goiena.eus-en daude kontzertu guztiak ikusgai.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak