San Martin plazan dauden ikurrinaren eta Nafarroako banderaren azpian azalpen-plaka jarri dute

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko abe. 3a, 15:35

Ikurrina eta Nafarroako bandera daude Bergarako plazan, eta horren zergatia azaltzen duen azalpen-plaka jarri dute bertan bergararrek nahiz herria bisitatzen dutenek horren zergatia zein den jakin dezaten.

Gaur eguerdian egin dute bistaratze ekitaldi instituzionala, hain zuzen ere, Nafarroako Foru Gobernuko Xabierko Frantziskoren egunean eta Euskararen Egunean. Bergarako Udaleko nahiz Nabarralde Fundazioko ordezkariek hartu dute parte ekitaldian. 2022an, Amaiurko setioaren bosgarren mendeurrenaren bueltan, onartu zuen Bergarako udalbatzak bi ikurrak jartzearen aldeko Nabarraldek egindako mozioa eta orain, plaka jarri dute.

Rafa Santxez Muxika Nabarraldeko kidea da eta adierazi du duela bi urte jarri zutela mozioa Bergarako Udalean, baina baita Oñatiko nahiz Antzuolako Udaletan ere: "Eskatu genuen ikur biak elkarrekin jartzeko, garai hartan, gure independentzia hegoaldean galeraren bosgarren mendeurrena gogoratzeko".

Sorrera, Nafarroako Erresuman

Bergarako Udalaren partetik, Gorka Artolak hartu du hitza eta adierazi du Euskal Herriko independentziaren alde borroka egin zutenen memoria omentzeko egin dela. Era berean, gogoan izan du Bergararen sorrera garaia: "Bergarako lurrak eta bergararrak nafarrak ziren Bergara sortu zen garaian, nahiz eta ondoren, 1268an Gaztelako Erresumaren baitan,  jaso herri ituna. Azkenean, herri bat gara eta historian zehar gu Gipuzkoa bihurtu garen moduan, beste modu batean garatu balira, agian, nafarrak izango ginateke; eta egun nafarrak diren ekialdeko euskaldunek beste izaera bat izango lukete".

Artolak historian sakondu du adieraziz "Pirinio hegoaldeko baskoiek 824. urtean Eneko Aritzaren gidaritzapean Iruñeko Erresuma sortu zutela". Bertan azaldu du nola Nafarroako Erresumak, euskal herritar guztien batasunaren alde, mendebaldeko lurrak berreskuratzeko ahaleginak egin zituen. Hala gaineratu du, ez dietela inoiz ere euskal nafarren batasunari uko egin.

Santxezek aurreratu du kontakizuna berreskuratzeko beste urrats bat izan dela gaurko ekitaldia eta plaka jartzea: "Gure kontakizuna galduta egon da. Beti eduki ditugu kontaketa espainola eta frantsesa. Orduan, Nabarralderendako halako gauzak beste urrats bat dira gure errelatua berreskuratzeko. Azken finean, guk, euskal nafarrok, ere autoukazioa eta autoestimu eskasa izan dezakegu, besteak beste, gure errelatoa ez dugulako ezagutzen".

Azalpen-plakak dioena

Azalpen.plakako testuak jasotzen du –euskaraz, gaztelanian, frantsesez eta ingelesez– XI. mendekoak direla Bergara aipatzen den lehenengo lerro idatziak eta orduko hartan Bergara inguruak Iruñeko Erresumaren baitan zeudela, eta Nafarroako euskal erresumaren eskualde bat izan zela 1200. urtean Gaztelak lurralde horiek indarrez inbaditu arte. Halaber, plaka gaur bistaratu arren, Amaiurgo Setioaren bosgarren mendeurreneko datan dago sinatuta; hau da, 2022ko uztailaren 19a.

Hauxe da testuak dioena:

XI. mendekoak dira Bergara aipatzen duten aurreneko lerro idatziak. Garai hartan Bergarako inguru hauek Iruñeko Erresumaren baitan zeuden. Bergarakoa Nafarroako euskal erresumaren beste eskualde bat zen 1200. urtean Gaztelak mendebaldeko lurralde nafar hauek indarrez inbaditu arte.

Eta, horregatik, bat izan ginelako, garelako eta izango garelako batu ditugu Euskal Herrikoak, Nafarroakoak, diren ikur biak Bergaran gaur 2022ko uztailaren 19an.

 

Bergarako plazan jarri duten azalpen-plaka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak