Bergarako Musika Eskolako eraikinaren egoera larria dela adierazi dute asteon eskolaren bueltako komunitateak eta Bergarako musika eta dantza arloko hainbat ordezkarik. "Musika Eskolan sartzea besterik ez dago eraikinaren egoeraz jabetzeko", adierazi zuen BMEko guraso eta erabiltzaile Iker Badiolak. Zerrendatu zituen arazoen artean daude irisgarritasun falta –hiru solairuko eraikinak ez dauka igogailurik nahiz eskailerak daude kanpoan nahiz barruan eta ez dago komun egokiturik–, isolamendu falta, tenperatura egokia mantentzeko arazoak, teilatuaren zaharkitzea –itoginak– edota egurrezko zoruaren ezegonkortasuna eta zaharkitzea.
Musika Eskolaren izaera irabazi asmorik gabeko elkartearena da eta bere aurrekontua sostengatzen duten hiru oinarriak dira erabiltzaileen kuotak, Bergarako Udala eta Eusko Jaurlaritza. Dena den, Badiolak azpimarratu zuen eraikinaren mantenuaren ardura Musika Eskolarena dela, baina dituzten egiturazko arazoek "irtenbide garestia" dutela.
Beste diru-iturri batzuk
Lau hamarkadatan konponketa lanak egin dituzte lehentasunen arabera Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Bergarako Udalaren diru-laguntzekin. Baina etorkizunera begira, eraikinaren egoera dela eta, egongo diren gastuei aurre egiteko eta "udalaren laguntza mugatua" denez, beste diru-iturri batzuen beharra ikusi dute.
BMEk hartu duen lehenengo erabakia da Gabonetan zozketa bat egitea: "Euro baten truke salduko diren boletoak aterako ditugu, salmentarekin lortutako dirua egiturazko konponketak egiteko erabiliko dugularik".
Bestalde, "azaleko konponketak bideratze aldera", auzolana jarriko dute martxan ikasturte honetan. Halaber, jakinarazi dute bi ekimen horietaz gain, beste zenbait ekintza ere antolatuko dituztela, hala nola, musika eta dantzari lotutako emanaldi solidarioak. Hala, herritarren edozein proposamen entzuteko prest agertu dira.
"Musika eta dantza eskolak herriarengana jotzen du laguntza eske, musikaren biziraupena bermatzeko, azken finean, eskolan hezten direlako etorkizuneko musikari, dantzari eta abeslariak. Gaur egun, Bergaran daukagun jario kulturala oso emankorra da, ikusi besterik ez dugu, herriko musika taldeetako partaide gehienak bertako izan direla. Jario honen jarraipena bermatzeko, baldintza duinak beteko dituen eraikin baten beharra daukagu", aldarrikatu zuen hitzartzean Badiolak.
Bergarako Udalaren babesa
Maite Usabiaga Bergarako Udaleko zinegotzia ere egon zen prentsaurrekoan, eta BMEren asmoei babesa adierazteaz gain, gogoratu zuen Udalak BMErekin urtero sinatzen duela hitzarmena hezkuntza plana aurrera ateratzeko. Martitzenean iragarri zuen lehen solairuko lau ikasgelen konponketa lanak udalak ordainduko dituela. Estimazioen arabera, 30.000-35.000 euroko kostua izango dute. "Egia da orain bide berriak jorratzen hasiko zaretela eta horrek denbora eskatuko dizue. Aztertu beharko dira ondo eta horren baitan erabakiak hartu. Udala konprometitzen da orain duzuen konponketa hori ordaintzera. Uste dugu garrantzitsua dela kalitatezko hezkuntza bat eskaintzea udaletik eta hori zaintzea ere gure ardura da", azaldu zuen Usabiagak.
Eraikinaren lekualdatzeaz galdetuta, zihoen Udalak bere jabegoan dituen eraikinak ez liratekeela egokituko eskolaren beharretara.
Eraikinaren jabetza Mariaren Lagundiarena
Musika Eskolak erabiltzen duen eraikina Mariaren Lagundiarena da. 1987. urtean Mariaren Lagundiak "denbora mugagabez" eraikinaren lagapena egin zion, utzitako lokala musikarako erabilpen baldintzarekin eta lagapen-hartzaileak "bere kontura eta higiezinaren onurarako konponketa eta egokitzapen obrak" egitearekin.