Euskararen Eguna dela eta UEMAren adierazpen proposamena onartu du Bergarako udalbatzak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko aza. 26a, 13:19

Gai zerrendatik kanpo UEMAk abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunerako egindako adierazpen proposamena onartu zuen Bergarako udalbatzak atzo, astelehena, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin. Alderdi sozialista abstenitu egin zen.

Hamaika puntu zituen asteleheneko ohiko osoko bilkurari gai zerrendatik kanpoko bat gehitu zitzaion, eta UEMAk Euskaren Egunerako egindako adierazpen proposamena. Bertan jasotzen da, besteak beste, "jauzi sendoak" emateko garaia iritsi dela, eta "bi hizkuntza hegemonikorekin talka egoeran dagoen hizkuntza gutxitua izanik, aldeko hizkuntza politikak egin beharra ezinbestekoa" dela euskarari eusteko. Datuak ere jasotzen ditu, eta euskararen aurkako oldarraldiak ere salatzen ditu: "Horri guztiari aurre egiteko, inoiz baino gehiago, euskararen aldeko neurriei tinko heldu behar diegu eta jauzi handi bat eman norabide egokian".

UEMAren adierazpen proposamena EH Bilduren aldeko 9 botorekin eta EAJren aldeko 5 botorekin onartu zen. PSE-EEko Alberto Alonso abstenitu egin zen. EAJko ordezkari Mikel Letek hartu zuen hitza eta adierazi zuen Euskararen Egunaren harira, "baikorra" izan nahi zuela, duela 30 urtetik hona euskararen egoera hobetu eta erabilerak ere gora egin duelako Bergaran. "Dena den, eta lehen azaldutako kezkak eta mozioan edo adierazpenean azaltzen diren kezkak, gure ustez euskararen indarberritzearen bizitza geldialdirik gabeko bidea da eta guztion ardura da erakunde publikoena, eta gizarte eragileena ere, elkarren aitortza eginez". Gehitu zuen, erakunde publikoek, gizarte eragileek eta herritarrek egin behar dutela lan elkalanean.

Hala, Gorka Artola Bergarako alkateak erantzunez, baikorra izatea gustatuko litzaiokeela adierazi zuten, eta ezagutzaren datuak hobetu badira ere, uste du "transmisioan, erabileran, azkenengo epaitegietako auzietan, askoz ere adierazle kezkagarriagoak dauzkagula eta erronka horri heltzen ez badiogu, eta baikortasun horretatik autokonplazienteak bagara, gure hizkuntzaren etorkizuna oso zalantzan dagoela uste dut".

Abstentzioari dagokionez, Alonsok adierazi zuen adierazpenak jasotako "gehiengoarekin ados" dagoela, baina ezin direla gaiak nahastu, oldarraldi judizialaren gaiari erreferentzia eginez: "Gauza bat da euskararen bideak nolako bidea izan behar duen, eta bestea da, epaileek egiten dutena eta hori da eskubide laboralak defendatzea".

A25eko adierazpena

Atzo, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna izanik, A25eko adierazpena onartu zuten aho batez, eta udal gobernuko bozeramaile Maite Usabiagak adierazi zuen ukatzaileak diren diskurtsoen inguruko irakurketa kritikoa egin eta salatu egiten direla: "Feminismotik aurrerapausoak ematen goazen heinean, agertzen dira gainditu behar ditugun beste harresi batzuk. Mezu horiek bezala: indarkeriak ez daukala generorik edo asmatutako ideologiak direla. Datuak hor daude eta erakusten dute egiturako arazoa daukagula. Aldi berean, mezu ukatzaileak hedatzen ari dira eta arazo globalean bihurtzen ari da. Gure partetik garrantzitsua da tinko agertzea mezu horien kontra eta salatzea gaur lortu dugun bezala".

Alderdi jeltzaleak nabarmendu zuen administrazio aldetik badagoela zeregina, eta adierazi zuen talde feministarekin nahiz herritarrekin instituzioek berdintasun arloan asko daukatela hobetzeko.

Bergara eta Soraluze arteko bidegorria

Bestalde, Bergara eta Soraluze arteko bidegorri zatia Gipuzkoako Foru Aldundiari ematea onartu zen aho batez. 4 kilometro inguruko bidegorri zatia da, eta 50 urteko iraupena izango du lagapenak.

Eskertzak eta dohaintzak

Halaber, alkatearen jakinarazpenetan Gorka Artolak eskerrak eman zizkien Valentziako hondamendiaren ostean, euren iniziatibaz mobilizatu ziren herritarrei, baliabideak biltzeko bideak sortuz eta kaltetutako herrietara joanez. "Hara joan ziren laguntzera eta izututa bueltatu ziren. Gurekin partekatu zuten esperientzia eta Udalak ere planteatu du nola lagundu dezakeen Valentzian duten beharrari alea jartzeko. Horretan ari gara lanean", zihoen Maite Usabiagak plenoaren ostean.

Bestalde, osoko bilkurako beste puntuetako bat izan zen herritar batek Laboratoriumi egindako Seminarixoko egurrezko pupitre eta Seminarixoko zigiluaren dohaintza. Horrela, eskerrak eman zizkion udal gobernuak eta halako objektuak dituzten bergararrak animatu zituzten dohaintzak egitera, halako materialak herriaren eskura jartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak