UNED Bergarak hasi du 2024/2025 ikasturte akademikoa modu ofizialean, Bergarako osoko bilkuren aretoan egindako ekitaldiarekin.
Malgutasuna, ezaugarri
Unibertsitatearen ezaugarri nagusienetarikoa da ikasleei eskaintzen dien malgutasuna euren ikasketak egin ahal izateko, halaxe azaldu du UNED Bergarako zuzendari Iñaki Esparzak: "UNEDen abiapuntua da gure ikasle diren askok ezin dutela erabili euren denbora %100ean ikasteko. Hori konpentsatzeko, guk malgutasuna eskaintzen diegu. Urte batean denbora edo aukera gutxiago baldin badute, posible da irakasgai bakarra egitea lauhilabete bakoitzeko, eta hori, presentzialean, ez da posible izaten". Eta hau gaineratu du: "Malgutasuna behar dutenak, ez badute malgutasunik aurkitzen, sistematik kanpo geratzen dira, eta ez da arrakasta kontua, baizik eta beharra. Egon behar dira horrelakoak, eta kasu honetan UNED da, eta Gipuzkoan, UNED Bergara".
Bergarako alkate Gorka Artolak horrelako erakunde bat herrian izateak daukan garrantzia azpimarratu du ekitaldian: "Bergaran bertan horrelako erakunde bat edukitzea aukera handi bat da. Herriko dinamikan sekulako eragina dauka eta elkarlanean gauza ugari ateratzeko aukera ematen digu. Hori eskertu nahi izan dut, uste dudalako ezinbestekoak direla ekarpen horiek, eta elkarlanerako aukera dinamika horiek babestea eta aitortzea".
Integraziorako giltzarri
Ekitaldiko irekitze-hitzaldia, gaur egun UNEDeko irakasle den Nadia Eremieva irakasleak egin du. Eta bere esperientzia partekatu nahi izan du: "Unibertsitate ikasketak nire jaioterrian hasi nituen, Bulgarian, eta hemen bukatzeko beharra neukan. Adaptaziorako urte batzuren ostean, eta egiteko modua aurkitu nuenean, hemen lizentziatu ahal izan nintzen Filologia Hispanikoan. UNEDen dagoen talde zoragarri honek animatu ninduen gainera, ikasketekin jarraitu eta doktoretza egitera", adierazi du.
Irune Berasaluze Gobernantza Diputatuak ere hartu du hitza ekitaldian eta UNEDek integrazioan egiten duen lana goraipatu du: "Polita izan da ikustea Eremievari nola balio izan dion UNEDek eman zion aukerak integraziorako. Kanpotik etorritako emakume bat da, eta gaur egun dauzkagun erronka guztien artean daukagu baita ere integrazioarena. Kanpotik datorren hainbeste eta hainbeste pertsonen beharra daukagu eta beraiek ere gizarte honen parte izan behar dute. Eta uste dut, zentzu horretan, UNED bezalako erakunde batek sekulako ekarpena egiten diola Gipuzkoari".
Diploma banaketa
Euren ikasketak amaitu dituzten ikasleei diplomak banatu dizkiete ekitaldian, urtero egiten duten moduan. Eta ikasleek pozik jaso dute egindako lanaren aitortza, familiartekoekin inguratuta.
Erronka berriak
Ikasturte berriari hasiera, UNEDeko errektore Ricardo Mairalek eman dio eta erronka berriekin hasi dute oraingoa. Esparza zuzendariak adierazi baitu, alde batetik, erronka normatiboak dituztela, arauak aldatu egin direlako Estatuko lege organikoaren ondorioz, eta UNEDek berriki –duela hamabost egun–, onartu ditu bere estatutuak. Ondorioz, aldaketa batzuk egongo dira eta aldaketa horiek barneratu egin beharko dituztela esan du Esparzak, eta horrek suposatuko duela euren araudia ere egokitu egin beharko dutela.
Beste erronka hau ere azpimarratu du Esparzak: "Akademikoki eskaintza akademiko berriak dauzkagu; mikrotituluak. Uste dut oso eskaintza interesgarria dela, denborak mugatuak baitira, baina balio akademiko osoa dute. Horiek garatzea eta eskaintzea gure inguruko erakundeei garrantzitsua da, beraiek ere ikusteko helburu batzuk lortzeko tresna interesgarria izan gaitezkeela".
Ekitaldia, Bergarako Musika Eskolako hari-taldearen emanaldiarekin amaitu dute.