Hezkidetza programa sortu duten lehen aldia da, eta Bergarako Udalaren III. Berdintasun planaren barruan kokatzen da, emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna bermatzea eta indarkeria matxistari aurre egitea helburutzat duten neurriekin bat eginez. Bergarako alkateorde Ainhoa Letek azaldu duenez, urteetan zehar eman dituzte tailer eta formazioak ikastetxeetan "modu oso konkretu batean". Hala, hezkidetza programarekin planteatzen da horiek osatzea: "Alde batetik, adinak zabaldu egiten dira; Lanbide Heziketako eskolak ere batzen dira euren eskaeraz, eta hezkuntza ez formala ere txertatzen dugu denok garelako gizartearen parte. Orain arte formazio horiek hezkuntza formalera mugatu izan dira eta horiekin hezkuntza formala, ez formala eta herria bera inplikatu nahi ditugulako".
Berdintasuneko harremanak eraikitzeko helburuarekin sortu dutela adierazi du Letek, "osasuntsuak eta errespetuzkoak izango diren harremanak sortzeko, eta indarkeria matxistarik gabeko gizarte bateko pausoak emateko", besteak beste, berdintasunaren aldeko ikuspegia hezkuntzan txertatzeko.
Hiru urtetako ibilbidea
Ainara Lasa Emagineko kideak adierazi du hezkidetza programa prozesu iraunkorra dela herrian pedagogia feministaz jarduteko eta hori ardatz izanik, "herriko pertsona, gazte, heldu, guraso, irakasleak eta bestelako pertsonak modu parekideagoan Bergaran bizi eta hazi daitezen, eta bergararren artean ematen diren hartu-emanak ere tratu ona eta errespetua izan dezan oinarri. Eta Bergara izan ez dadin indarkeria matxista erreprodukzio eta eragingo duen herria". Horretarako, prebentzioa, sentsibilizazioa eta formazioa izango dira euren lan-tresna.
Proiektua garatzeko ekintzak
Hezkidetza programa garatzeko, Bergarako ikastetxe guztietan egingo dute lan hango hezkuntza komunitate guztiarekin. LH5etik hasi eta goi mailako ziklo guztietara zabalduko da. "Hor egingo ditugun esku-hartzeak ugariak izango dira. Imajina ezazuen, urtero ikasturteka, 250 formazio ordu baino gehiago egingo ditugu ikasleekin", adierazi du Lasak. Gurasoekin ere, ikastetxeka, aurreikusten dira ikasturte hasieran eta bukaeran formazio espezifikoak. Irakasleekin ere egingo dituzte tailerrak tratu onean, indarkeria matxistan eta hezkidetzan oinarrituta.
Hezkuntza ez formaleko eragile eta teknikariekin ere egingo dute lan. Hala komunitate osoaren inplikazioa ere izango dute. Programa horrek herriko eragileekin lankidetza bultzatzen du, mugimendu feminista eta berdintasunaren aldeko taldeekin elkarlanean, sentsibilizazio kanpainak eta ekintzak antolatuz. Era berean, aholkularitza eta arreta zerbitzua ere eskainiko dute berdintasun zerbitzuarekin koordinatuta, eta aholkularitza eta protokoloak aktibatuko dira beharrezkoa denean indarkeria matxistari aurre egiteko.
Elkarlana ardatz
Alberto Larrea Hezkidetzako koordinatzaileak erronkak izan ditu hizpide. Sentsibilizazioa eta kontzientziazioan jarri du azpimarra: "Herri mailan antolatu da gizarte eragile askoren artean. Orain dagokiguna da zabaltzea eta hedatzea". Eraginkorra izateko gakoa elkarlana dela dio: "Denok norabide berean egin behar dugu arraun. Erakundeak, enpresak, familiak, ikasleak, irakasleak... Eskolan rol bat daukate, baina gero gizarteko kideak dira. Gizartean bakoitzak bere rola du eta hori ez dugu ahaztu behar".
Hala, eskerrak eman dizkie Bergarako Udalak ikastetxeei nahiz Emagin elkarteari. Herritarrei ere dei egin diete ekimenean parte hartzeko harreman parekideak gauzatu ahal izateko.