'BlackBox_' erakusketa aurkeztu dute, asteon, Laboratorium Museoan

Julen Murua Mesonero 2024ko aza. 7a, 18:02

Adimen Artifiziala jorratzen duen modulu esperimental aitzindaria da BlackBox_, eta Caja Navarra eta La Caixa Fundazioarekin elkarlanean eta Universitat de Barcelona, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, 'Enpresare' elkartearen eta beste hainbat eragileren laguntzarekin sortu dute.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldien baitan kokatzen den erakusketa da BlackBox_, eta otsailaren erdialdera bitartean egongo da hura bisitatzeko aukera Laboratorium Museoan. Aurkezpenean hitza hartu zuten Bergarako alkate Gorka Artolak, Laboratorium Museoko zuzendari Rosa Errazkinek, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendari Urkiri Salaberriak eta Indissoluble enpresako zuzendari Juan Roberto Vasquezek. Bestalde, bideodei bitartez parte hartu dute prentsaurrekoan BlackBox_ proiektuaren asmatzaileek: Javier Tejada fisikari eta zientzialariak, eta Norbert Bilbeny etika katedradunak.

Salaberria, Artola eta Dominguez, Vasquezekin batera, 'BlackBox_' erabiltzen. Argazkia: Bergarako Udala.

1.0 bertsioa

Tejada eta Bilbenyk asmatutako proiektua da BlackBox_, baina Indissoluble enpresa arduratu da hura elikatzeaz. Martitzenean aurkeztutakoa 1.0 bertsioa da, eta enpresako zuzendari Juan Roberto Vasquezek zioenez, "lau interakzio-aurpegi dituen kutxa bat" aurkeztu zituzten, non erabiltzeko momentuan "IArekin elkarrizketak edota bizitzako garai ezberdinetako argazkien interpretazioak egiten dituen garaian bertan integratzeko. Gainera, ibilbide interaktiboak ditugu, non bakoitzaren erabakien arabera bide batetik edo bestetik eramaten zaituen. Asmoa da elkarrizketa eta eztabaida sortzea bizitzeko modua aldatuko digun horri buruz (adimen artifizialari buruz)".

Vasquezek adierazi zuen aukeztutakoa lehenengo bertsioa dela, baina aurrerantzean beste toki batzuetan aurkezteko asmoa ere badutela. Era berean, aitortu zuen aurkezpena Laboratoriumean egitea "berezia" izan zela, "zientzia arloari dagokionez, Gipuzkoan garrantzia handia duen tokia delako".

Galdera berriak sortzen

Laboratoriumen "aintzindariak" izaten saiatzen direla aitortu zuen Artolak, eta hortaz, "gaurkotasuneko eztabaida bat herritarren artean zabaltzeko aukera" aprobetxatu gura izan dute. Adimen artifizialak gizartearen etengabeko eraldaketa eragiteaz gain, "sakonera handiko erronka etiko eta moralak" planteatzen dituela aitortu zuen Artolak, eta horiek mahai gainean jartzea ere bada euren helburuetako bat. 

"Laboratoriuma gizarte museo bat denez, gizartean pil-pilean dauden gaiak ezagutzera ematea" da museoaren helburua Errazkinen arabera. Momentu honetan, adimen artifizialaren gaia da pil-pilean dagoen horietako bat, eta "sortu ditzakeen beldurrak ekiditeko eta galderak erantzuteko" gizarteratzen dute gaia.

Dominguezek, bere aldetik, nabarmendu zuen "Debagoienako eskualdeak, eta Bergarak bereziki, duen izen propioa munduko panorama zientifikoan". Gainera, aitortu zuen Bergara "iraganaren eta etorkizunaren arteko topagunea" dela, eta Laboratoriumak aukera ematen duela "bertatik igaro diren pentsalari eta sortzaile handien ondarea ezagutzeko eta haien ekarpenek gure gizartean nola eragin duten ikusteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak