ZTB jardunaldiak: ehungintza artisautik adimen artifizialeraino

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko urr. 31a, 11:22

Joxe Mari Rubio azalpenak ematen, ehungintza irudikatzen duten makinekin.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza (ZTB) jardunaldiei esker, herrian berebiziko garrantzia izan zuen oihalgintzaren industriatik hasita, adimen artifiziala oinarri duen Kubo Beltza edo Black Box deritzon erakusketa bisitatzeko aukera izango du herritarrak, besteak beste. Jardunaldion gaineko informazio guztiaren berri izateko, klikatu hemen.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza (ZTB) jardunaldietako aste mugituena izango da hurrengoa. 2024ko jardunaldion oinarria adimen artifiziala da, etika-filosofiaren ikuspegitik begiratuta, eta haren erronkak eta arriskuak zeintzuk diren planteatuz. Hala ere, egitaraua urriaren 21ean abiatu zuten Bergarako Jokin Labaien, Beñat Arrieta, Uxue Lazkano eta Jon Irureta gazte ikerlarien hitzaldiekin eta hurrengo ekintza urriaren 25ean etorri zen, Aroztegi aretoan Joxe Mari Rubio eta Felipe Uriarte bergararrek ireki zuten Ehungintza prozesua erakusketarekin; azaroaren 10era arte egongo da ikusgai. Hain zuzen, San Joxeperen Kulturaldiaren barruan erakusketa horretako protagonista diren makinen gaineko azalpenak ere eman zituen Rubiok Laboratorium museoan.

Kubo Beltza: erakusketa berezia

Azaroaren 5ean Kubo Beltza edo Black Box erakusketa inauguratuko dute Laboratoriumen; Indissoluble SL enpresako eta Bartzelonako Unibertsitateko ordezkariek egingo dute erakusketa bereziaren aurkezpena. Azaroaren 5etik otsailaren 16ra bisitatu ahalko da, museoko ohiko ordutegian. Black Box edo Kubo Beltza erakusketa-modulu bat da. Helburua da jendeak ikas dezala eta kontzientzia har dezala adimen artifizialaren alderdi nagusienei buruz, zeintzuk diren haren aplikazio praktikoenak, bai eta sortzen dituen dilema etikoak ere.

Kutxa beltzak adimen artifizialean esploratzera gonbidatzen du bisitaria, harekin interaktiboki aritzera eta hari buruz hausnartzera: zein eginkizun duen munduan, zein aukera eskaintzen dituen eta zeintzuk diren haren arrisku potentzialak ere. Laboratoriumeko moduluan funtsezko lau gairen inguruan sakontzea proposatzen dute: herritarrak, egunerokoa, iraunkortasuna eta industria. Erantzunak adimen artifizialak berak sortuko ditu, eta kasu bakoitzean ezberdinak izango dira; betiere, bisitariak nola elkar eragiten duenaren arabera.

Goi-mailako lau hizlari

Datozen bi asteetan lau hitzaldi ere izango dira Seminarixoan, 10:00etan. Publiko orokorrari, ikasleei eta Goienagusi elkarteko kideei daude zuzenduta. Azaroaren 4an, Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiko Leire Lison eta Goiatz Oiartzabal arituko dira, euskaraz: Digitalizazioa Euskal Herrian. Azaroaren 6rako, We Are Clickers enpresako Leire Legarretak gonbidatu dute: Adimen Artifiziala: zer da? Gure egunerokoan duen eragina ulertuz. Ele bitan izango da.

Azaroaren 11rako antolatu duten hitzaldian ere adimen artifiziala izango da protagonista, estrategia digitalerako aholkulari eta teknologia berrietako prestatzaile Imanol Teranen ahotik, gazteleraz: Adimen Artifiziala ikertzen: zer den, nola dabilen eta nolako eragina duen. Azaroaren 13an, EHUn Zuzenbide Prozesaleko katedradun Patxi Etxebarriak hitzaldia emango du, gazteleraz: Aurpegi errekonozimendua eta identifikazio biometrikorako beste modu batzuk: erronkak eta arriskuak.

Barnetegia eta ikastaroa

Publiko orokorrari, ikasleei eta Goienagusiri eskainitako hitzaldiez harago, enpresendako barnetegi teknologikoa ere antolatu dute azaroaren 7arako Miguel Altunan, 09:00etatik 14:30era. MUko Sonia Perezek eta Beatriz Laskurainek, besteak beste, ChatGPTren erabilera praktikoa izango dute hizpide, gazteleraz. Azkenik, azaroaren 8an, dendariendako ikastaroa gidatuko du Perezek, Irizar jauregian, 14:30etik 16:30era; adimen artifizialarekin komertzioetan zerbitzua hobetzeko eta marketina errazteko gomendioak emango ditu, gazteleraz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak