Ogasun zinegotzi Aitor Arantzabalek azaldu zuenez, azken urteetan tasak eta zergak Kontsumo Prezio Indizearen (KPI) azpitik igotzeak, kalitatezko zerbitzuak emateko esfortzu gehiago egin beharra suposatu dio Bergarako Udalari, eta egoera egonkortu ahala, Udalak bere gaitasun ekonomikoan berreskuratzen joan beharra daukala zihoen.
Udal gobernuak 2025eko ordenantza fiskalen proposamena lantzeko, batetik, herritarren nahiz udalaren egoera ekonomikoa kontuan izan duela adierazi zuen; bestetik, kalitatezko zerbitzuak ematea betetzea. Horregatik proposatu zuten udal zerga eta tasak %3 igotzeko.
Gainera, azpimarratu zuen Foru Funtsaren likidazioa negatiboa izango dela, %3,46 gutxiago, eta horrek suposatuko duela Gipuzkoako Foru Aldunditik 400.000 euro gutxiago jasotzea: "Aurrekari horiekin eguneraketa egitea proposatzen da tasa eta zerga gehienetan".
Zabor- eta ur-tasak gora
Gainerako udal guztietan bezala, Europako legediaren arabera zaborren gaia ezin da defizitarioa izan udalarendako. "Tarifek, gutxienez, udalak zerbitzua emateagatik dituen gastuak estali behar dituzte. Eguneraketa hori, derrigorrez, udal guztiek egin behar ditugu", adierazi zuen Arantzabalek. Horregatik, %29ko igoera izango du hondakinen-tasak.
Uraren tasaren kasuan, berriz, %2,24ko igoera onartu dute: "Gai horren inguruan aipatu beharra dago, altako prezioa %12 igo nahi digula ur kontsorzioak eta zuzenean eragingo diola Udalaren egoera ekonomikoari".
Hala, etxez etxeko laguntza zerbitzuan ez da tasarik igoko.
EAJren aldarrikapena: EAEko KPIa erabiltzea
"Azken unean" hartu badute ere erabakia, azkenean, onartu egin du alderdi jeltzaleak EH Bilduren proposamena egin dituzten sei proposamenetatik bost onartu dituelako. Bergarako EAJko bozeramaile Mikel Letek adierazi zuenez, hasiera batean, %3,2ko igoera orokorra proposatu zuen udal gobernuak eta "gehiegizkoa" iruditu zitzaien. Horregatik, EAEko KPIa erabilita igoera %2,6koa izatea proposatzen zuten: "Guk planteatu genuen kontuan izanda abuztutik abuzturako urteko indizea 2,6koa zela uste genuen egokiagoa zela %2,6 igotzea".
Hala ere, aurreratu du datorren urteko udal ordenantzen eguneraketari begira, EAEko KPIa erabiltzea aldarrikatzen jarraituko dutela: "Udaletxe honetan azken urteetan behintzat KPIaren indizea erabiltzerakoan Espainiako Estatukoa mailakoa erabili da. Guk uste dugu EAEko KPIa erabili behar dela. Orduan, espero dugu hori lantzea eta hemendik aurrera indize hori erabiltzea".
EAJk baloratu egin du udal gobernuak "elkarrizketa guneak" sortzea udal ordenantzak eguneratzerako orduan, eta EH Bilduk ere irizten dio "eztabaida espazio horiek oso emankorrak" izan direla.