Atzo arratsaldean, esaterako, bi mahai inguru izan zituzten udaletxean. Lehenengoan eskoletako elikadura izan zuten hizpide, eta han izan ziren Hamaiketako Osasungarria proiektuaren berri ematen Elgetako Herri Eskolakoak. "Bere garaian familia batzuk elkartu ziren jangela eredua aldatzeko, baina hori prozesu konplexua denez, Hamaiketako Osasungarria ekimenarekin hasi ginen: bertako janaria du oinarri, sasoikoa, osasungarria eta ekologikoa eta ikasle guztiek jaten dute", azaldu zuen Irene Santamaria eskolako zuzendariak, eta gaineratu oztopoak eta erresistentziak egon arren, herri mailako proiektua dela.
Atzoko bigarren mahai inguruan, aldiz, sukaldarien eta ekoizleen arteko aliantzaren inguruan egin zuten berba, besteak beste, Kataluniako Frescoop kooperatibako Jordi Masdeuk eta Isa Alvarezek. "Besteak beste, gure zonaldeko ekoizleen eta eskolen arteko bitartekari lanak egiten ditugu. Hasieran eskola batera heltzean egon daiteke gatazkarik, sukaldean dabiltzanek, urteetako inertziagatik, freskoak ez diren produktuekin lan egiten dutelako. Baina ikusten dutenean lan gehiago eman arren umeak gusturago jaten dutela, denborarekin ikusten dute guztiendako hobe dela", adierazi zuen Masdeuk eta esan zuen baita ere Gozo Topaketak bezalakoekin eurek ere asko ikasten dutela.
Gozo Topaketak, "oso emankorrak"
Gaur goizean, aldiz, merkatuak, azokak izan dituzte berbagai eta mahai ingurua egiteaz gain, Oxirondo azoka eta Elikaenea ere bisitatu dituzte Bergarako Elikadura Mahaiko kide diren Ainhoa Lete zinegotziaren eta Ereindajaneko Aitziber Plazaolaren azalpenak jasoaz.
"Oso balorazio ona egiten dugu, oso emankorrak izan direlako Gozo Topaketak. Elikadura arloan martxan dauden eta martxan jarri gura diren proiektuak elkarrizketan jartzea zen helburua, erakunde ezberdinak elkarlanean egotea, eta zentzu horretan balorazio oso positiboa egin dugu", azaldu du topaketak amaitutakoan antolatzaile lanetan ibili den Ereindajaneko Ainhoa Narbaizak. "Elkartu garenok batez ere elikadura arloan gabiltzanak izan gara, akaso herritarrak faltan igarri ditugu. Baina egon garenoi askorako balio izan digu", gaineratu du Narbaizak Euskal Herriko, Kataluniako, Frantziako eta Erdialdeko Amerikako parte-hartzaileak izan dituen ekimenaz.