Bergaran abiatu da 'Bizikletaz Adinik Ez' programaren edizio berria

Goiatz Arana Begiristain 2024ko urr. 11a, 19:54

Goizean egin dute aurkezpena Mizpirualde egoitzaren aurrealdean, eta bertako egoiliarrak izan dira aurtengo urtean ibilaldia egiten lehenak. Gustura eta eskertuta azaldu dira.

Hiru triziklo, beste hainbeste gidari boluntario eta sei egoiliar. Horixe, gaur eguerdiko erretratua, Mizpirualde egoitzaren kanpoko aldean. Osteratxoa egina zuten ordurako eta pozik zeuden egoiliarrak, herriko txokoak ikusita eta ezagunak agurtuta; pozik eta errepikatzeko gogoz.

14 udalerritako 19 egoitza

Lehen itzuli horren bueltan batu dira ekimenaren bultzatzaileak ere. Izan ere, bigarren urtez jarraian, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bizikletaz Adinik Ez elkarteak hitzarmena sinatu dute eta, horren bitartez, lurraldeko 19 egoitzatako 160 pertsonak trizikloan ibilaldiak egiteko aukera izango dute, urte amaiera bitarte. 14 udalerrik parte hartuko dute aurtengo edizioan, tartean bailarako bik: Bergarak eta Arrasatek. BAE ekimenak 2016an eman zituen lehen urratsak, Donostian, eta iaz beste udalerri batzuetara zabaldu zen, akordioari esker. Hitzarmen horren bitartez, ekimenak 33.000 euroko ekarpena jasoko du.

Iazko esperientziaren balorazio "positiboa"

Goizeko aurkezpen ekitaldian, Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak positiboki baloratu du iazko esperientzia: "Irteeren ondoren egoitzetara pasatu genituen galdetegiek erakusten dute aire zabaleko jarduera horiek oso eragin onuragarria dutela parte-hartzaileen osasun psikosozialean. Oso pozgarria da ikustea pertsonen bilakaera, jarduera hasi genuenetik amaierara arte, eta haien aurpegien irribarrea egoitzetara itzultzen direnean. Egoitzek eta erabiltzaileek harrera bikaina egin diote eta horrek erakusten du proiektu honen arrakasta eta garrantzia".

Ildo horretatik, azpimarratu du proiektuak "egoitza-zentroak komunitatearekin lotzeko helburua indartzen" duela eta "adineko pertsonei aisialdirako eta gozamenerako aukera ematen" diela. Eta gogorarazi du ekimena posible dela boluntarioei esker. 60 boluntario baino gehiago ibiliko dira edizio berrian.

BAEko zuzendaritzako kide Patxi Alberdik, bere aldetik, ekimenaren balioan jarri du azpimarra: "Adinekoei eskuzabaltasunetik denbora eskaintzea, istorioak partekatuz eta harreman berriak sortuz". Eta gaineratu du boluntarioek eman bai, baina jaso ere asko egiten dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak