Trebalariak, lehen sektoreko ustiategietan erreleboa hartzeko gertu

Imanol Beloki Unamuno 2024ko urr. 10a, 18:28

Trebatu egitasmoak irtenbidea eman nahi dio lehen sektoreko belaunaldi-erreleborik ezari. Lehen sektorean euren proiektu profesionala garatu nahi duten ekintzaileei zuzendutako ekimena da, eta Bergarako Bolu-Barri baserrian egin dute aurkezpena.

Trebatu ekimenaren helburu nagusia da belaunaldien arteko erreleborik ezari aurre egitea. Programa horrek lehen sektorean hasi nahi duten pertsonak errelebo bila dabiltzan ustiategiekin lotzen ditu. Horrela, Trebatuk lehen sektorea indartu nahi du, tokiko elikagaien ekoizpena bultzatuz eta sektorearen epe luzerako bideragarritasuna bermatuz. Ekimen hori hainbat euskal erakunderen arteko elkarlanaren emaitza da: Landaola, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Lurgintza, Abelur, Elika Fundazioa, Hazi, Lanbide, Etorlur eta Fraisoro Eskola.

Trebatuz, zubi-lana egiten

Egitasmoaren berri emateko, Bergarako Bolu-Barri baserrian egin zuten eguenean ekitaldia. Bertan, Edurne Matias Landaolako ordezkaria, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdea Departamentuko diputatua, Telmo Gartzia Trebatu proiektuaren koordinatzailea eta Igor Gauna Bolu-Barri baserriaren erreleboa hartuko duen trebalaria zein beste hainbat trebalari batu ziren. "Gero eta ustiategi gutxiago ditugu Gipuzkoan. Horren arrazoi nagusia da ustiategiek euren jarduerekin jarraituko duenik ez dutela. Trebatu proiektuarekin, egoera horri buelta bat eman nahi diogu, lehen sektorean hasi nahi duten pertsonak errelebo bila dabiltzan ustiategiekin lotuz", adierazi du Edurne Matiasek, Landaolako ordezkariak.

Etorkizuna sendotzeko

Trebatu proiektuak lehen sektorean proiektu profesionala garatu nahi duten ekintzaileei (trebalariak) bi urtez euren ideia edo proiektua frogatu eta garatzeko aukera ematen die nekazaritza lanean aritzeko guneetan (trebatzeguneak). Eredu horrek aukera ematen die lehen sektoreko profesional berriei jada ezarrita dauden ustiategietan euren proiektuak probatzeko. Xabier Arrutik, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, horrelako ekimenak instituzioetatik bultzatzeak lehen sektorearen belaunaldi erreleboa bermatzeko duen garrantziaz hitz egin zuen ekitaldian. Ildo horretan, beste eragile batzuen erantzukizuna eskatu zuen, hala nola enpresarena edo gizartearena. Hala, ondorioztatu zuen "guztion esku" dagoela lehen sektorearen "etorkizuna sendotzea, funtsezkoa baita haren jarduera elikadura jasangarria eta Gipuzkoako lurralde-oreka berdea bermatzeko, klima aldaketa bezalako erronken aurrean".

Zer dela-eta animatu zara Trebatu programan parte hartzera?

Igor Gauna: "Niretzat abentura bat da; Bolu-Barri ez da ortu bat, enpresa bat da"

Igor Gauna. Trebalari osintxuarra.

Igor Gauna (Osintxu, 1961) Trebatu programan parte hartzera animatu da eta bi urtez arituko da Bolu-Barri baserriko lanetan. "Fagor Ederlan enpresan egiten nuen lan, eta aldaketa baten bila hasi nintzen. Jakin nuen Bolu-Barri baserrikoek erreleboa nahi zutela, eta gero, Trebatu programa ezagutu nuen. Eszedentzia hartu dut, eta bi urte hauetan ikasiko dut eurek lan egiteko duten modua, nik ere egiteko. Ekainean hasi nintzen, eta abuztua lasaia izan den arren, irailean eta urrian eskolekin eta lan egiten ari gara. Fraiskozurin egiten ditugu formakuntza-eskolak, eta oso interesgarria da; gero, Bolu-Barrikoek negozioa aurrera eramateko ikasgaiak ikastea ere bada interesekoa. Programa honen moduan, Bolu-Barri bideragarria dela uste dut. Niretzat abentura bat da, eta Bolu-Barri ez da ortu bat soilik, enpresa bat da".

----------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Andoni Olabarria: "Ez dugu itxi nahi, baina esku onetan utzi nahi dugu"

Andoni Olabarria. Bolu-barri baserriko bazkidea.

Bergarako Bolu-Barri baserriko bazkideetako bat da Andoni Olabarria (Bergara, 1961). Trebatu programan parte hartzeko hautua egin du, erreleborik ez dutelako. "Gure seme-alabek ikasketa oso onak dituzte: arkitektoa, ingeniaria, medikua… Lanean ari dira eta hona ez dira etorriko. Beraz, garbi ikusi genuen Trebatu programan parte hartzea zela gure aukera. Oraindik ez dakigu etorkizunean zer gertatuko den; izan ere, bi urteko prozesuan gauza asko gertatu daitezke; batzuek atzera egin dezakete edo aurrera; guk garbi dugu inor ez badator itxi egin beharko dugula. Ez dugu itxi nahi, baina esku onetan utzi nahi dugu. Positiboa izatea zaila da; alegia, supermerkatu handien aurka ezin da joan eta azokara geroz eta jende gutxiago doa; edozelan ere, egitasmo honetan parte hartu nahi dutenak ilusioz daude".

 

Gipuzkoan zazpi trebalari

Lehen edizio honetan ekimenak zazpi trebalari ditu, eta dagoeneko lanean dabiltza euren proiektuak garatzen Gipuzkoako hainbat ustiategitan (trebatzeguneak), hala nola Bidania-Goiatzen, Oiartzunen, Villabonan, Astigarragan, Bergaran eta Irunen. Ekintzaile horiek hainbat azpisektoretara zuzentzen diren proiektuak dituzte: haragitako behiak, esnetarako behiak, lore ekologikoen ekoizpena, hegazti-hazkuntza, frutagintza eta baratzezaintza. Azpisektore aniztasun horri esker, Trebatuk, belaunaldien arteko erreleborik ezari irtenbideak eskaintzeaz gain, tokiko ekoizpena bultzatzen du, eta garapen jasangarria bultzatu.

Trebatuk zabalik jarraitzen du programan parte hartu nahi duten trebalari eta trebatzegune berrientzat. Lehen sektorean hasteko interesa duten pertsonak edo belaunaldi-erreleboaren bidez euren ustiategiei jarraipena eman nahi dieten pertsonak Trebatu programarekin harremanetan jar daitezkeela azaldu dute programaren sustatzaileek, trebatu@landaola.eus posta elektronikoaren bidez edo 747 47 34 09 telefono-zenbakira deituz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak