Atzoko osoko bilkura hasieran udal idazkariak zehaztu zuenez, Gorka Artola alkateak botoa Ainhoa Lete alkateordearengan delegatu du bere aitatasun bajak iraun bitartean. Osoko bilkuran eztabaida eragin zuen gai bakarra EH Bilduk Osakidetzaren egoeraz kezkatuta aurkeztu zuen mozioa izan zen. "Eskuartean ditugun bailarako eta Bergarako datuak benetan direla larriak. Mozio honen helburua zen egoera larri hori mahai gainean jartzea; badakigu Eusko Legebiltzarrean neurriak hartzen ari direla, emaitzak epe ertainera emango dituzten egiturazko neurriak; izan ere, egoerak aldaketa sakonak eskatzen ditu eta horrek bere denbora beharko du. Baina bailarako eta Bergarako egoera urgentziazkoa da, urgentziazko neurriak behar dituena. Bergarako kasuan bederatzi mediku beharrean lau bakarrik daude; bailaran osasun mentaleko zerbitzua ere oso jaitsita dago eta badakigu gure bailarako anbulantzietan ere profesionalak falta direla. Egoera horri buelta eman behar zaio lehenbailehen", adierazi du EH Bilduko bozeramaile Maite Usabiagak.
EAJko eledun Mikel Letek, bestalde, irailaren 26an Eusko Legebiltzarrean EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren artean sinatu zen akordioan jarri zuen arreta: "Osakidetza sistema ona da baina beste osasun sistemek bezala baditu arazoak. Arazo nagusia da profesional faltarena, estatu eta Europa mailako arazoa ere badena. EH Bilduren mozioa harriduraz hartu dugu egoera ez delako hain txarra eta bereziki Lehendakariaren eskutik mahai bat eratu denean etorkizuneko Osakidetza adosteko eta arazoei irtenbidea emateko. Bestalde, mediku profesionalen falta Udalera ekartzen badugu esan beharra dago ongizate zerbitzuan txanda eskatzeko dagoen itxaron-zerrenda ia 48 egunekoa da. Udalak hor bai eragin ahal duela zuzenean egoera hobetu dadin baina kontziente gara arazoak daudela profesionalak topatzeko. Hori bai dela Udalaren eskumena, EH Bilduren mozioan aipatzen diren eskaerak ez bezala".
PSE-EEko Alberto Alonsok honela azaldu zuen abstentzioa GOIENAko kameren aurrean: "Uste dut aintzat hartu beharreko lehen puntua da Eusko Legebiltzarreko akordioa EAJren, EH Bilduren eta gure artean. Osakidetza hobetzeko mahai bat eratzeko beharra ikusi da eta, beraz, aitortzen da arazoa egon badagoela. Horregatik gure abstentzioa; zintzoak izan behar gara arazoa badagoela onartzen, baina gure apustua Lehendakariak sortu duen mahai horretan lan egitekoa da".