Goiz osoko jardunaldiaren aurkezpena egin ostean, Ander Bolibar, Kepa Sebal, Lucio Polcaro, Mikel Vicinay eta Naiara Moreno gonbidatu zituzten euren proiektu ekintzaileen berri eman eta ondoren mahai-inguru bat egiteko.
Hortik aurrera ikasleek euren ideia berri eta berritzaileak garatzeko lanean jarri ziren, goizaren amaieran epaimahaiaren eta gaur egun martxan dauden Bergarako enpresa batzuen arduradunen aurrean.
Askotariko negozio ideiak
Ikasleek hainbat negozio ideia aurkeztu zituzten, batzuk originalagoak beste batzuk baino eta batzuk ideiak garatuagoak zituzten beste batzuk baino. Epaimahaiaren eta ikaskideen aurrean euren ideiak aurkeztu ostean goizaren amaieran egin zuten sari banaketa. Zerbitek negozio ideia izan zen irabazlea, Cowork espazio bat sortzera etorriko zena, makinak, software eta teknologia espezializatuak eskuragarri jarri enpresa txiki eta handien arteko elkarlana sustatuz.
Jardunaldiok Miguel Altuna Lanbide Heziketak, Mariaren Lagundiak, Bergarako Udalak eta Enpresare elkarteak antolatu dituzte elkarlanean, Debagoieneko Mankomunitatearen eta Tknikaren laguntzarekin. Antolatzaileak pozik zeuden atzoko goizak eman zuenarekin.
Ekinola jardunaldiaren amaieran, Bergarako Belmek, Gehiber eta Metagra enpresak ere omendu zituzten, belaunaldi berriei eskaintzen dizkieten erraztasunak aintzat hartuz.
Hiru enpresa horietako arduradunek motz-motzean hartu zuten hitza ikasleen aurrean euren esperientziak kontatzeko. Hiru enpresariek azpimarratu zuten ekintzailetzaren oinarria ez dela hasieratik errentagarritasuna bilatzea, baizik eta begirada epe luzera botata, proiektuarekin saiatzea eta sinisten den horrekin konprometitzea. Hiru enpresariek gaineratu zuten ederra izango zela eurak gazteak zirenean Ekinola moduko ekimenak izatea.