Txalo artean jaso ditu Euskalherriaren Adiskideen Elkarteko diploma eta domina Iñigo Alberdik. Aurretik, Kantuz sortu gara izeneko sarrera ikasgaia eskaini du. Bertan hainbat musika erakunderen kudeaketan egindako lana ekarri du gogora, martxan dauden hainbat proiekturen berri eman du eta etorkizunera begirako erronkak azpimarratu ditu.
"Pozik eta urduri iritsi naiz gaurko ekitaldira eta amaitu berritan oso pozik eta oso hunkituta nago", azaldu du kide numerario berriak. "Nire helburua zen egiten dutena partekatzea, eta hainbeste lagunekin eta halako gertutasunarekin egin da dena oso gustura gelditu naizela. Oso eskertuta nago".
Askotariko parte-hartzeak
Bergarako alkate Gorka Artola, Euskalherriaren Adiskideen Elkarteko Gipuzkoako zuzendari Luis Elosegi eta kide numerario Jon Bagues izan ditu Alberdik mahai-kide gaurko ekitaldian. Aurrean, berriz, lagun, senitarteko eta lankide ugarirekin betetako aretoa.
Sarrera ikasgaian musika klasikoarekin lotuta EAEn eta Nafarroan egituratuta dauden orkestra, koral eta erakundeen berri eman du Alberdik. Martxan dauden proiektu interesgarri asko ere aipatu ditu; gehienak pedagogia, ondarearen kontserbazioa eta publiko berrien bilaketa helburu dutenak. Nabarmendu ditu: Musika gela, Eskolan kantari, Euskal opera, Zubiaurre, Musika bizi, Ura Bere Bidean...
Guztia hainbat musika emanaldirekin tartekatu du. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Bergarako Orkestra, Garikoitz Mendizabal txistularia, Bergarako Antzerki Musikala taldea, eta Bilboko korala. Une bereziki hunkigarria izan da Alberdirendako Bergarako Antzerki Musikala taldeak eskainitakoa; Oliver musikaleko Sentitu zaitez lagun! abestu diote, eta azken koplak Alberdiri eskainitakoak izan dira. Egindako lana eta erakutsitako gertutasuna eskertu diote.
Aurrera begirako erronkak
Ekitaldian Alberdik esan du etorkizunera begira oso optimista dela: "Inoiz eduki ez dugun musikari belaunaldi prestatuena dugu". Baina ohartarazpena ere egin du: "Une garrantzitsu batean gaude. Uste dut aurrera egin nahi badugu beharrezkoa izango dela kultura eta musika erakundeak koordinatzea, errelatoak sortzea, erakunde bakoitza zertarako dagoen definitzea, eta erakundeetatik musikariei eta euskal musikari aukerak eskaintzea. Kudeaketan ere aukerak eman behar zaizkio hemengo jendeari. Ezin da Euskal Herriko ikuspuntua duen kudeaketaren katea eten".
Bergararen garrantzia
Bergarak eta bergararrek kultura arloan egindako ekarpena behin eta berriz goraipatu da ekitaldian. Euskal kulturak egindako ekarpena ere bai. "Herri txikia da gurea, baina musika erakunde asko ditu eta maila ia profesionala dute askok. Eredugarria eta aitzindari da herri hau", esan du Alberdik.