Xabi Labaien omenduko dute kartzela zaharrean, soinuaren "artista eta iratxoa"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko ira. 20a, 09:17

Xabi Labaien. Ezkerrean, teklatua jotzen bidaia baten; eskuinean, berriz, soinu teknikari lanetan. Argazkiak: senitartekoak.

2023ko uztailean hil zen Xabi Labaien musikari eta soinu teknikaria omenduko dute bihar kartzela zaharrean (18:30) eta, besteak beste, Lisker eta Seska taldeek joko dute: "Jende askorekin kolaboratu zuen eta ezingo gara guztiok batu, baina gertukoenak egongo gara".

Egun berezia bezain hunkigarria biziko dute bihar, irailak 21, Xabi Labaienen senitartekoek eta gertukoek, omenaldia egingo diote-eta kartzela zaharrean (18:30). 2023ko uztailaren 11n hil zen musikari eta soinu teknikari bergararra, 59 urte zituela. Gaztetan, Seska taldean edota Mikel Herzog musikariarekin aritu izan zen eta, gerora, Eibarko Lisker taldean teklatua jo izan zuen. "Garai politiko zailenetan, euskara ia galarazita zegoenean, euskara ezagutzera emateko sekulako lana egin zuen Liskerrek", azaldu du haren lagun Hilario Manzanedok. Soinu teknikaria ere bazen Labaien eta, besteak beste, Mikel Urdangarinekin eta Taun Taun txotxongilo taldearekin aritu izan zen; Goiena Komunikazio Taldeak antolatzen duen Danbaka Musika Lehiaketako soinuaz ere arduratu izan zen 2004tik 2022ra bitartean egin ziren bost edizioetan.

Gaupasak Danbakarentzat

Xabiren senitarteko Amaia Labaien eta Taun Taun taldeko Iñaki Mata aritu dira, besteak beste, biharko omenaldia antolatzen: "Xabiren hutsunea toki askotan igarriko zuten... Saiatu gara omenaldirako horiek guztiak batzen baina ziur ezingo direla guztiak etorri. Jende askorekin kolaboratu izan zuen eta ezinezkoa izango da denok batzea, baina ziur Xabiren gertukoenak bertan egongo garela".

Xabik "sekulako lana" egin zuela diote: "Detaile txikienak ere zaintzen zituen, sekulako sortzailea zen; gehienetan itzalpean aritzen zen baina agertokira igo behar zenean showman-ere bazen, sekulako barreak eragiten zizkigun. Artista bat zen, letra larriz idatzita". Xabiren "inurri lanaren" adibide moduan jarri du Danbakarako egin zuen lana Amaia Labaienek: "Gogoan daukat gaupasak egiten zituela Danbakako zuzenekoen pistak Goienari denboraz eta txukun emateko. Langile nekaezina zen, beti iratxo baten antzera lanean, eta ume baten arimarekin".

Lisker bihar, besteak beste

Omenaldian argazkiz osatutako bideoak eta zuzeneko musika izango dira protagonista: "Liskerreko partaide guztiak egongo dira, sekulako ilusioarekin datoz. Seska ere izango dugu agertokian... Festa ederra egingo dugu lagunartean". Festaren aurretik, berriz, senitartekoekin elkartuko dira errautsak botatzeko eta ondoren Artatsen bazkalduko dute 50 bat lagunek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak