Gipuzkoako Altxa Burua mugimenduak bosgarren topaketa egin du asteon Bergarako Mariaren Lagundia ikastolan, datozen erronkak elkarbanatu eta erabakiak hartzeko asmoz. 60 talde inguru daude Gipuzkoan, eta horietatik 40tako ordezkariak batu dira batzarrean; tartean, aretxabaletarrak, eskoriatzarrak, arrasatearrak, oñatiarrak, elgetarrak bergararrak eta antzuolarrak. "Batzar nagusiak bezala dira topaketak, eta etorri ahal diren herri guztietako ordezkariak elkartzen gara, Gipuzkoa osokoak. Halere, gaur berezia izan da, topaketa egin aurretik Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako ordezkariak bildu baikara: erabaki dugu gure artean koordinazioa hobetzea eta elkarlanean jardutea", azaldu du Patxi Monterok, Altxa Burua mugimenduko kideak.
Hego Euskal Herriko Altxa Burua mugimenduko kideek, beraz, elkarrekin jardutea dute helburu, eta guztiak ere udazkenera begira daude, Gipuzkoakoan zentratu diren arren topaketan. Hain justu, hainbat kanpaina jarri nahi dituzte martxan, erakundeekin elkarlanean, besteak beste: "Nahi dugu elkarlanean hasi hezkuntzarekin eta osasunarekin, eta horrela hainbat kanpaina daude. Horrez gain, orain eskolak daude behartuta protokolo bat edo araudia bat egitera eskola bakoitzean mugikorren erabilera nolakoa izango den arautzeko; horretarako eredu bat prestatu dugu, gero eskoletara eramateko proposamentzat".
Hezkuntza eta Osasun Sailarekin lanean hasi nahi dute, beraz; halere, Monterok jakinarazi du, gaur-gaurkoz, ezin dutela kanpaina horien inguruko xehetasun gehiago eman, taldeekin eta eskolekin hitz egin nahi dutelako aurrez. Kanpainak zehaztu ahala jakinaraziko dituzte datozen urratsak.