Lan hitzarmena berritzea eskatzeko mobilizazioei ekin die Bergarako Udaleko langileen ordezkaritzak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko ira. 9a, 16:28

Udaletxe atarian egin dute elkarretaratzea, gaur. Argazkia: Bergarako Udaleko Langile Ordezkarien Batzordea.

Irailaren 3an Bergarako Udaleko Langile Ordezkarien Batzordeak egindako batzarrean lan hitzarmena berritzeko eskaera egin zion Udal Gobernuari eta gaur, irailak 9, lehen protesta egin dute kalean; elkarretaratzea egin dute udaletxe atarian. "Langileek egoerarekin goia jo dugu. Ezinegon handia dago. Haserrea ere bai", adierazi dute ohar bidez.

Udaleko langileen ordezkaritzak bost puntuz osatutako proposamena luzatu zion Udal Gobernuari. Honako hauek dira bost puntu horiek:

  1. Negoziazio mahai gardena: Negoziaketetan hitz egin, eztabaidatu eta adosten den (edo ez den) negoziazio sistema bermatzea.
  2. 2022an abian jarri eta urte berean amaitzea helburu zuen udaleko lan postuen balorazio orokorra: 2024 bukaeran Udalaren egungo organigraman dauden lanpostuak eta hauen funtzio eta ezaugarriak argi eta garbi adieraziko dituen benetako balorazio orokorraren prozesua amaitzea.
  3. Hainbat administrazio eremutan jadanik onartuta eta martxan dauden ezagueraren transferentzia bermatzeko eta plantillak gazte berritzeko plana aurkeztea.
  4. Lan Hitzarmenaren negoziaketari ekiteko, egutegi bat adostea.
  5. Kontratazio politikan Udal zerbitzua indartu eta langileen lan baldintzak hobetzeko plan orokorra egitea. Urgentziaz, langileen bajen ordezkapenak, kategoria eta maila bereko langileekin lehen egunetik bermatzea. Udal zerbitzu eta departamentuetako lan poltsak egitea. Eta lan jardun partzialak osatzeko urratsak ematen hastea.

Irailaren 3ko batzarraren ostean jakinarazi zuten euren eskaerak aintzat hartuak izateko mobilizazio dinamikari ekingo ziotela eta gaur, irailak 9, elkarretaratzea egin dute udaletxe aurrean, Konponbidea. Bost puntu lelopean.

Mobilizazio gehiago dituzte aurreikusita

Bihar, hilak 10, 11:30etik 13:30era salaketa karabana egingo dute eta aurreratu dute egoerak bide berean jarraitzen badu, hots, konponbiderako urratsik gabe, eguazteneko langileen batzarrean, eguenean eta egubakoitzean hiru orduko lan uzteak egitea edo ez erabakiko dela. "Bergarako Udaleko langileek egoerarekin goia jo dugu. Ezinegon handia dago. Haserrea ere bai. Horregatik kalera irtetea erabaki dugu. Kalera, egoera salatzen hasteko eta proposamen bat; bost puntutakoa egoera konpontzeko. Udaleko zerbitzuak garatu eta langileen lan baldintzak hobetzeko bost minimoak dira. Borondate kontua da. Ezin dugu beste legealdi oso bat itxaron. Nahikoa da. Lan Hitzarmenean aurrera pausuak emateko garaia orain da", adierazi dute.

Eskaeron gaineko irakurketa eskatu dio GOIENAk Udal Gobernuari, baina erabaki dute adierazpenik ez egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak