Hilaren 14an egingo dira, besteak beste, feria –Oxirondon egingo da aurten–, barazki, fruta eta gazta lehiaketa, Moises Azpiazuren omenezko bikote nagusien dantza txapelketa eta suzko zezena. Hurrengo egunean, hilak 15, egingo da sanmartinetako ekitaldi nagusia den helduen danborrada.
"Garai berrietara" egokitu den danborrada
Aurten 32 taldek eta 772 pertsonek hartuko dute parte –aurten Artatse eta San Joxepek ez dute izena eman–, eta Udaletik azpimarratu dutenez, garai berrietara egokitzen jakin duen ekimena da danborradarena. "Partaideen artean aldaketa ematen ari da. Tradizionalki elkarte gastronomikoak izan dira danborradaren oinarria eta gaur egun beste gauza bat da. Herritarrak kuadrila edo beste talde naturalen arabera antolatzen dira eta zentzu horretan esan dezakegu danborrada irekiago, parekideago eta inklusiboago bat dugula. Horregatik uste dugu garai berrietara egokitzen jakin duen ekimena dela", adierazi du Udaleko kultura zinegotzi Maite Usabiagak.
Gaur bertan egingo dute helduen danborradarako entsegua eta irailaren 12an egingo dute azken entsegu orokorra; danborradako berritasunetako bat da Bergarako bandak zuzenean joko dituela martxak, pieza guztiak megafoniatik entzun beharrean.
Txosnagunea Muniben
Xaxauk ere hainbat ekintza antolatu ditu irailaren 13rako eta 14rako Munibe plazan. Egitarauaren barruan bereziki nabarmendu dute aukera beganoa eta begetarianoa ere izango dituen herri bazkaria eta Bergarako eta eskualdeko musika taldeen presentzia bermatzeko egin ohi duten ahalegina.
Horren adibide dira Bergara eta Arrasateko Añube eta Oñatiko Malko taldeen kontzertuak antolatu dituztela. Munibeko txosnagunearen muntaketan eta desmuntaketan laguntzeko dei egin dute xaxautarrek, eta gogora ekarri dute ez dutela inongo erasorik onartuko. "Edozein pertsona izango da ongietorria, baina ez edozein jarrera. Xaxauk ez du inolako erasorik onartuko eta erasorik balego argi dugu erantzun bat emango dugula. Badakizue, Munibera gerturatu eta ondo pasatu. Gora jai herrikoiak!", esan du Xaxauko Andrea Gonzalezek.
Nobedadeak Simon Arrieta Pintura Lehiaketan ere
Bestalde, sanmartinetan ekitaldi klasiko bat badago hori Aire Libreko Simon Arrieta Pintura Lehiaketa izaten da. Aurten 49. edizioa biziko du Beart elkarteak antolatzen duen lehiaketak, eta badira nobedadeak. Lehen saria inoizko potoloena izango da, 1.000 eurokoa, eta aurkezten diren lanak udaletxean erakutsi beharrean aurten Aroztegin erakutsiko dituzte astebetez.
Gainera, iaz ondo funtzionatu zuenez, margotzeko eremua ere mugatu egingo dute aurten, ikuskizunaren izenean. "Bergarako planoa hartu eta muga batzuk jarriko ditugu, margolariak muga horien barruan nahi dudana margotu dezan. Horrela ikuskizuna bihurtzen da lehiaketa bera eta gogoan dugu iaz arrakasta handia izan zuela; aurten asmo horrekin jarraituko dugu", dio Beart-eko presidente Xabier Agirrek.
Gainerako ohiko ekitaldiek ez dute hutsik egingo, besteak beste, hilaren 15eko sokamuturrak eta erraldoien kalejirak eta hilaren 16ko Bergarako bandaren kontzertu bereziak eta umeen danborradak.
Erasoen kontrako arreta gunea Irizarren
Edozein erasoren aurkako arreta gunea irailaren 13an eta 14an jarriko dute Irizar jauregian, 00:00etatik 06:00etara.