Bergarako Elikadura mahaitik abiatutako proiektuak kontsumitzaileen eta ekoizleen arteko zubi izan gura du. Denda-topagunean eskualdeko produktuek lehentasuna izango dutela eman dute aditzera: "Eskualdean ez dagoena Euskal Herritik ekarriko ditugu eta hortik kanpora oso produktu zehatzak". Era berean, zero zabor filosofiari erantzun gura diote eta "prezio politika zehatza" izango dute. Horren arabera, Debagoieneko ekoizleek saltzen duten produktuaren prezioaren %80 jasoko dute, eta gainerako %20, Elikaenearen eguneroko gastuei aurre egiteko izango da.
Sukalde zerbitzua
Denda-topaguneaz gain, sukalde zerbitzua ere eskainiko du Elikaeneak, Anne Otegi sukaldariaren ardura izango dena. Hiru zerbitzu emango dituzte bertan: eguneko platerak, bertako ekoizleen produktuekin egindakoak; eguneko konboak, prezio herrikoian bazkari oso bat; eta hirugarrenik, catering edo zizka-mika zerbitzua.
Ordutegiari dagokionez, astelehenetik egubakoitzera goizez eta arratsaldez egongo da zabalik Elikaenea, eta zapatuetan, goizez. Asteazkenetan, gainera, ez dute eguerdi partean itxiki.
Bisita gidatuak datorren astean
Ereindajan kooperatibak kudeatuko du Berarako Udalak finantzatutako proiektua, eta bien artean partekatuko dute talde eragilea. Ainhoa Lete alkateordearen esanetan, denda eta sukalde bat baino gehiago da egitasmoa.
Dagoeneko egin dituzte lehen bisita gidatuak egitasmoa erakusteko, eta jasotako erantzuna ona dela azaldu du Aitziber Plazaolak. Herritarrendako hurrengo bistak datorren astean izango dira: uztailaren 29an, 18:30ean eta uztailaren 30ean, 11:00etan. Izena eman behar da horretarako alkatetza@bergara.eus helbidera idatzita edo 943 77 91 00 telefono zenbakira deituta.
Ereindajan denda itxi
Bergarako Eraindajani dagokionez, iragarri dute Elikaenearen kudeaketaren ardura hartzearekin fase berri bati ekingo diotela, eta ondorioz, uztailaren 30ean itxi egingo dutela orain arte Bergarako Joan XXIII. plazan izan duten denda.