EH Bilduk uste du Elikaeneako espazio fisikoa eta egitasmo orokorra kudeatzeko bermea eskaintzen duen bakarra Ereindajan dela. EAJk kontra bozkatu zuen, proiektuen helburuekin oro har ados egon arren esleipena lehiaketa publiko bidez egin beharko zela uste dutelako. "Uste dugu askoz gardenagoa eta garbiagoa izango litzatekeela adjudikazio ireki bidez egitea. Gainera, ezin dugu ahaztu Ereindajani espazioa esleitzearekin batera hamar urtean 400.000 euroko diru-laguntza emango zaio, urtean 40.000 euro, Elikaenearen dinamizaziorako eta tailer batzuk antolatu ditzan. Guk uste dugu dinamizazio lan hori Udalak hartu beharko lukeela bere gain; betiere, elkarlana sustatuz azokako postu finkoetako eta ez finkoetako arduradunekin".
Desadostasunak egiteko moduetan
Osoko bilkuran argi geratu zenez, egiteko moduak ezberdin ulertzen dituzte EH Bilduk eta EAJk; izan ere, EH Bilduk uste du proiektuak duen izaeragatik erabat koherentea dela Elikaenea Ereindajanek kudeatzea. "EAJ ados dago proiektuarekin baina ez kudeaketa moduekin. Guk pentsatzen dugu batak bestea dakarrela; azoka biziberritzeko proiektu honekin lortu nahi dena da azokak aspaldi galdu duen funtzio publiko hori berreskuratzea eta honen guztiaren oinarrian dagoen filosofia da elikadura burujabetzarena. Elikadura Mahaiarekin batera uste dugu Ereindajan moduko irabazi asmorik gabeko eragile batek bermatu ahalko duela azokaren izaera sozial hori etekin ekonomikoen aurrean. Horregatik uste dugu estrategikoa dela modu horretan kudeatzea. Era berean, uste dugu Udalaren partetik etorriko den finantziazioak bermatu ahalko duela Elikaenean prezio politika justu bat egotea".
Ereindajanen betebehar nagusiak
Elikaenea bertatik bertara ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte uztailaren 29an eta 30ean eta irekiera irailerako dago aurreikusita. Hala, Ereindajanen betebeharren artean egongo dira, besteak beste, denda-topagunea eta bertako sukaldea kudeatzea; sentsibilizazio saio, ikastaro, tailer eta bestelako dinamikak antolatzea; tokiko produktuen merkaturatzerako bide berriak topatzea; eta herriko komertzio eta elkarteekin elkarlana sustatzea. Elikaeneako talde eragilea Udalak eta Ereindajanek partekatuko dute eta proiektuaren jarraipenaz arduratuko den batzordean, Udalaz eta Ereindajanez gain, Landa Garapena elkarteak, Oxirondo azokako ekoizle, saltzaile eta postuetako kideek eta azokan bertan kokatuta dauden gainerako eragileek hartuko dute parte.