Muturreko abisuen aurrean baliabide batzuk eskaini nahi dizkie Udalak bergararrei, eta, batez ere, babesgune klimatikoak eskaintzean oinarritzen da beroaldiei aurre egiteko plana. Babesgune hauek beroaldietarako babesa emango duten lekuak herritarren eskura jarriko dira bero alarma egunetan.
"Babesgune klimatikoak berotik pixka bat babesteko guneak izango dira. Kalean ari garenean, bero handiko egunetan, arnasgune moduan balioko dizkigute. Gune batzuk jarriko ditugu berotik freskatzeko; guneek klimatizatuta, komuna bertan edo gertu izango dute, ur freskoa edateko aukera…", adierazi du Zihortza Marzanek, Bergarako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.
Marzani jarraituz, honakoa azaldu du Markel Azkargorta zinegotziak: "Kalean gaudela arnas beharra dugunean erabiltzeko lekuak izango dira, adibidez, mandatutara atera eta etxera bidean geldialdi bat egiteko. Edota bakardadeari aurre egiteko guneak izango dira, etxean bakarrik egon beharrean, taberna edo kontsumo guneetara jo beharrean elkartzeko lekuak", adierazi du Markel Azkargorta zinegotziak
prentsaurrekoan.
Alerta laranja edo gorria dagoenean
Beroaldietarako babesa emango duten lekuak herritarren eskura eta doan jarriko dira. Bero alarma egunetan irekiko direnak. "Babesgune klimatiko itxi hauek, alerta laranja edo gorria dagoenean irekiko dira, herritarren osasunean eragina izan dezakete. 10:00etatik 20:00etara egongo dira erabilgarri, printzipioz, irailaren 13ra arte", Marzanek azaldu duenez.
Hiru motako babesguneak
Hiru motatakoak izango dira babesa emango duten lekuak: Babesgune itxiak, kanpoko babesgunea eta itzalgunea dutenak, eta freskatzeko lekuak.
Babesgune itxiak
Klimatizazioa daukaten lekuak izango dira, ura, komuna bertan edo gertuan dutenak…. inbertsio gabe zabaltzeko modukoak izango direnak nahiz eta horniketa minimo bat beharko dutenak. Biltoki, Martoko eta Zabalotegin herritarren txokoak, Agorrosingo yoga gela, Txuringo eta Labegaraietako kiroldegian kirol elkarteen gela.
Kanpoko babesguneak eta itzalguneak
Kalean eta herritarren eskura dauden guneak izango dira eguzkitik babesteko eta iturriak gertu dutenak dira. Errekalde Jauregiko parkea eta Kotxerak, Usondo parkea, Bideberri pasealekua, Errotaldeko parkea, Espoloia, Boni Laskuraingo pasealekua eta Iparragirre kalea
Freskatzeko lekuak
Labegaraietako ur-txorrotak eta Agorrosingo igerilekua.
Proba moduan, ekarpenak jasotzeko
Proba gisa jarriko dute martxan egitasmoa, eta, babesguneak hobetzeko herritarren ekarpenak beharko dituztela azpimarratu dute udal ordezkariek. "Datorren urtera begira, ekarpenak jaso nahi genituzke zerbitzua hobetzeko. Pertsona zaurgarrientzat izango dira erabilgarriak batez ere; bularreko haurrentzako, adineko pertsonendako, gaixotasun kronikoak dituztenendako edo egoera ekonomiko baxua duten herritarrentzako".