Erakusketa kolektiboak egin izan dituzu, baina honako hau da lehen erakusketa propioa; eta jaioterrian, gainera. Zer sentitzen da?
Oso gogotsu nago nire lana erakusteko, estudioan ordu luzez egindakoa herrikideekin partekatzeko. Ez dut presio berezirik nabaritzen, nire obra erakusteko gogoa baizik.
Zer aurreratu dezakezu gaur irekiko duzun erakusketatik?
Erakusketa hau gorputzen eta bolumenaren inguruan datza. Gorputz minduen zauria erakutsi nahi dut. Gorputz ezohikoak, lodiak, itsusiak eta nazkagarriak irudikatzea interesatzen zait; gizartean baztertuak diren horiek, azken finean. Erakusketako irudi digitalak eskulturen argazkiak dira. Argazki horiek digitalki manipulatzen ditut. Eskulturekin guztiz erlazionatuta daude, objektu beretik datoz eta. Eskulturak inguruko espazioarekin harremantzen dira. Erakusketaren momentuan auzitan jarri nahi dut ikuslearen, espazioaren eta obraren arteko harremana. Lanaren instalazioa eta izaera performatiboa interesatzen zaizkit. Hamar irudi digital eta dozena bat eskultura jarriko ditut Aroztegin.
Ze helburu duzu erakusketarekin?
Sentitzen eta pentsatzen dudana adierazi nahi dut, eta horretarako baliatzen naiz sorkuntzaz. Nire lana nire buruko kaosa da, baita nire emozioa eta mina ere. Artea bizi-jarrera kritikoa da niretzat, urratzailea, ezohikoa, haratago joaten saiatzeko beste modu bat; oraina eta inguratzen nauen mundua ulertzen laguntzen didana, nire kasuan, esperimentazio plastikoko planteamenduetatik.
Ezer prestatu duzu irekierarako?
Erakusketa 18:00etan irekiko da, eta badut asmoa etortzen direnentzat mokadua prestatzeko. Ederra da gazteok herrian erakusteko aukera izatea.
Eskultura eta irudia, eskutik helduta
Abstrakzioaren eremuan eroso dago Ane Laskurain, eskulturaren eta irudi digitalaren artean mugitzen: "Erakusketa bera performance bat da eta argazkiek lotura zuzena dute eskulturekin. Animatu eta etorri Aroztegira; espero dut gozatuko duzuela".