Azken urteetako lehorteak eraginda eta beharrezko azterketak egin eta gero erabaki zen aspaldian geldirik zeuden Albitxuko instalazioak martxan jarri eta Bergarako herriak Pol Poletik jasotzen dituen urak berriz ere zirkuituan sartzea. Izan ere, Urkuluko urtegia inoizko mailarik baxuenean egon zen iaz eta bere bermea handitzea da helburua.
350.000 euro
Urkuluko instalakuntzetatik kontrolatzen dituzte Bergarakoak eta, horregatik, egindako lanen artetik automatismoak azpimarratu ditu Elosegik. 300.000 euroko inbertsioa egin dute, beste 100-150.000 euro gastatuko dituzte eta, horretaz gain, Pol-Poletik Albitxuko instalakuntzetara datorren hodia, zazpi kilometrokoa, aldatzen joango dira.
Instalazioek gaur egungo kalitate eta segurtasun estandarrak bete eta martxan jarrita, aukera bikoitza izango du, beraz, Bergarako herriak.
Bergarako alkate Gorka Artolak oso positiboki baloratu du errekurtso propioetatik tiratuta bergararrei herriko ura bideratzeko aukera izatea eta gaineratu du eskualde osoarentzat izan dela lagungarri.
30 litro segundoko gaitasuna
Eskualdeko beste herriren batean ere halako aukerarik egon daitekeen galdetuta, zaila dela adierazi du Ur Kontsortzioko zuzendari gerenteak. Izan ere, 1988an Urkulu martxan jarri zenean baliabide guztiak erreketara bideratu ziren eta, gaur egun, Albitxukoa da kopuru aldetik gaitasun handienekoa, 30 litro segundoko. "Bertako eta Urkuluko urak oso antzerakoak dira, gainera, kalitate handikoak biak, eta herritarrek ez dute alderik nabarituko, ez usainean, ez zaporean, ez kolorean", azaldu du Elosegik.
Herritarren ur kontsumoa ia erdira
Azken urteetan herritarren ur kontsumoa ia erdira jaitsi da. Kontsortzioa martxan jarri zenean, Urkulutik 350 litro ur ematen ziren eguneko eta pertsonako; gaur egun, 205-210 bitartean. Iñigo Elosegik dio, ordea, litekeena dela kontsumoa are gehiago jeitsi edo emari berriak topatu behar izatea.