Esperimentazioa oinarri

Gontzal Belategi Zubia 2024ko uzt. 24a, 14:45

Manu Muniategiandikoetxea, erakusketaren parte den toldoa atzean duela.

Manu Muniategiandikoetxea (Bergara, 1966) artistak Alondegia izenez ezagutzen den Azkuna Zentroan (Bilbo) Schola Navicolare di Traiano erakusketa jarri du ikusgai. Uztailaren 3an inauguratu zuten erakusketa eta irailaren 29ra arte egongo da bertan.

Puntua aldizkariaren 420. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Erakusketaren izena italieraz egotea ez da kasualitatea. Erromara joan zen beka batekin, gigantomakia izenez ezagutzen den pasarte mitologikoaren inguruko lan bat egiteko. "Pinturan agertzen den tradizio piktoriko bat da, biolentzia eta borroka agertzen duena. Hori zen berez Erroman egiteko aurkeztu nuena", dio bergararrak; hango tradizio figuratiboa lantzea zen asmoa.

Aurrez, beste erakusketa batetik zetorren artista, Tabakaleran egindako egurrezko tramak "geometrian egindako zuloak, garai batean saltzen zituzten elizako ostien moldeen antzekoak", oinarri hartuta. Errekorte geometriko horien bilduma bat zen erakusketa. Geometria horri bueltaka, Erroman zegoela, Ostia Anticara heldu zen, Erromako portu zaharrera. Hango parke arkeologikoetatik paseatu zenean, lurrean zizelatuta pertsonaia mitologikoak eta bestelako irudiak zeudela jabetu zen. Trajanoren eskolan zegoela, garaiko ontzigintza eskolan, beste irudi batzuk zeudela ikusi zuen: "Eskolako jangelan konbinazio geometrikoak zeudela ikusi nuen, borobiletatik datozenak. Konbinazio sinpleak dirudite, baina konplexuak dira. Hor nirekin bat datorren zerbait aurkitu nuen, eta konbinazio horiekin hasi nintzen lanean". Aurkikuntzak egonaldia aldatu zion Muniategiandikoetxeari, eta biolentziaren inguruko lan figuratiboa izan behar zuena hiru lanetan banatu zen: "Bata, biolentzia horren tela handi batzuk ziren; eta beste batzuk, aurkitutako geometrian oinarritutako marrazkiak. Horiek egiteko tramankulu bat egin nuen, asto handi baten estilokoa, mahai batekin eutsita eta gurpilekin. Hori sail berri bat bilakatu zen, eusteko estruktura hauek oinarri".

Fernando Perez, Azkuna Zentroko zuzendaria, izan zen erakusketa hori ikusten. "Asko gustatu zitzaizkiola esan zidan, eta antzeko beste esperimentu bat egiteko aukera eskaini, Azkuna Zentroan dagoen solariumean egiteko". Trajanoren eskolan ikusitako lurrak hartu zituen beste behin oinarri lan horretan, baina berezitasun batekin: "Eskola hainbat solairutan banatuta dago, eta lana haien jatorrizko tamainan egitea pentsatu nuen. Erdian dagoen marrazki bat Ostia Anticako beste zoru batean oinarrituta dago. Guztiak dira zoruak ". Hori guztiori irudikatzeko, erdiko solairuak, adibidez, 76 metro karratu ditu.

Esperimentazioa

Alondegiko lan berria esperimentazioan oinarritu nahi zuenez, materialekin jolastea erabaki zuen bergararrak: "Esperimentu bat zenez, eta lanak solarium horretan sufritu egingo zuenez, eguzkia eta klimatologia jasoko zuen material bat erabiltzea erabaki nuen: egurra; eta, gainera, nahiko bizia". Lehen marrazkiak etxean egin arren, Perezi jakinarazi zion solariuma estudio gisa erabiltzeko asmoa zuela. Zorte txarra izan zuen: "Bilbora heldu, solariumean jarri eta euria hasi zuen. Hamabost egun egon nintzen jarraian euripean. Marrazkietan nabaritu egiten da; lehen marrazkiei pintura gehiago sartu nien, eta erdialdean, eskatu egiten zidalako".

Arazoak ez ziren amaitu. Horrekin batera, euskarri batzuk eskatu zituen gigantomakian oinarritutako toldo erraldoia botatzeko. Horrek zenbait arazo zituen oinarrian, bazekiten-eta haizearen eraginez trabak izango zirela eta toldoa euskarrira eta pareta batera lotu beharko zuela. Espazioa ere gatazkatsua zen, Schola Navicolare di Traiano metro karratu ugariko lan bat izan arren solariumaren 2.000 metro karratuen aurrean txiki gelditzen zelako. Azkenean, elementu bakoitzak bere lekua aurkitu zuen: "Leku horretan espazioak agintzen zuen".

Ulertzen zaila dela aitortu du Muniategiandikoetxeak, baina, hein batean, hori zen haren asmoa: "Ez nuen nire koadro bat egin nahi. Fernandori ere esaten nion hau ez dela leku publiko baterako egin dudan lan bat; esperimentu bat da, eta horrela hartu behar da".

Amaitu gabeko lana

Leonardo da Vincik behin esan zuen: "Artelan bat ez da inoiz amaitzen, abandonatu baino ez da egiten". Schola Navicolare di Traiano ere amaitu gabeko lana da, amaitzen ez den lana. "Ez dakigu euriak nola eragingo dion. Gastatzen joango da, eta, lekuak hala eskatzen baldin badit, errepasatzen joango naiz. Bizirik dagoen lan bat da".

Denbora kontuek ere izan dute zerikusia lanaren nolakotasunean: "Proposamena heldu zenetik egin arte bi hilabete pasatu dira. Perezek esan zidan posible zela urtebete atzeratzea, baina proposamen honek bat-bateko erantzuna behar zuela pentsatu nuen, bertsolarien gisa: jarri eta bota. Freskoa izan behar zuen, eta igarri egin behar zen ez dagoela bukatuta. Toldo horrek edo egurrezko eskulturek, adibidez, ikasleen proiektu bat ematen dute garatutako lan bat baino gehiago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak