Ibaietako bizitza berreskuratzeko Europatik datorren Merlin egitasmoaren barruan Gipuzkoako Diputazioa presak suntsitzen ari dela salatu dute, eta Angiozarren argi dute presa horiek ez dutela inongo kalterik sortu, are gehiago azken urteetan Abiadura Handiko Trena egiteko obren ondorioz Angiozar erreka zein zikin etorri den ikusita. "Iaz gu ginen Angiozar erreka zikin zetorrela salatzen genuenak. Orduan ez URA agentziak, ez Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ez Jaurlaritzak inori ez zion inori axola erreka ze egoeratan zetorren, eta gogoratu behar da zikin zetorrela AHTko obrengatik. Orain, badirudi denak ekologistak bihurtu direla eta erreka bere egoera naturalera itzultzea da lehentasuna. Asmo hori bakarrik da errekako garai bateko errotetako presa guztiak suntsitzea; badirudi haientzat presa horiek eragiten dutela kalte handiena, denok dakigunean presa horiek ez dutela inolako kalterik eragin izan".
Atzo apurtu zuten Loidi-Boluko presa
Hondeamakinek atzo, uztailak 9, apurtu zuten Loidi-Bolu baserri ondoko putzua, urte luzez ortua ureztatzeko eta udan bainurako erabili ohi zena. Iaz ura zikin zetorrela zen albistea baina atzo ezkero putzurik ez dago dagoeneko. Horren harira, gogora ekarri du Angiozarko alkateak udako egunik beroenetan Bergarako igerilekuak ez direla nahikoa: "Egun beroenetan, edukiera kontuak direla-eta, jendea oso haserre egoten da ilaran itxaron behar izaten dutelako bainua hartzeko, eta halako putzuek egoera hori arintzeko balio izaten zuten. Are gehiago guretzat, Bergarako igerilekua hamar kilometrora dugunean eta Angiozarren garraio publikorik ez dagoenean".
Baserritarrek, "bihotzeko mina"
Gainera, dio Elorzak, inguruko baserritarrek "tristura handia eta bihotzeko mina" dute betidanik ezagutu dituzten putzuak desagertu egingo direlako: "Baserritarrekin egon naiz eta oso triste daude, asko galtzen dugulako. Putzuak beti ezagutu izan dituzte hor, amuarrain, karramarro eta abarrekin; presak ez dira sekula arazo izan arrainentzat. Angiozar errekan ez dago arrainik AHTko obrak hasi zirenetik; ikustea besterik ez dago obren gaineko zatian bizitza dagoela eta obretatik behera, berriz, ezer ez".
"Gurekin inork ez du ezertarako kontatzen"
Angiozar errekan, Loidi-Boluko presaz gain, aurreikusita dago Loidi eta Amuskibar presak ere botatzea. Horrez gain, Angiozarko bizilagunek salatu dute Angiozar errekaren iturburu nagusia den Olaitturri lehortu egin dutela AHTko lanek. Atzera bueltarik ez duten kalteon aurrean kalte-ordainik jasoko ez dutela salatzeaz gainera, beste behin ere eskatu dute halako esku-hartze baten aurretik tokian tokiko bizilagunekin egotea ezinbestekoa dela. "Beti izaten gara azkenak enteratzen, beti gainetik igarotzen dira. Gurekin inork ez du ezertarako kontatzen".