Puntua aldizkariaren 418. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Miguel Angel Elkoroberezibar (Bergara, 1966) irakasle eta ikertzailea dabil Miguel Okinaren gaineko liburua prestatzen. "Lana oraindik dokumentazio prozesuan dago, prozesu luzean; izan ere, lehenago ere idatzi izan dut Bergarako beste pertsonaia esanguratsu batzuen gainean eta garbi neukan Miguel Okinak ere merezi zuela halako lan bat. Pentsa, badut 2014ko erretratu bat, Josu Okinak ateratakoa, eta ordurako meriendak antolatzen genituen Miguelekin bere ibilbideaz eta orduko kontuez berba egiteko. Oso hizketari ona zen Miguel; urdaiazpiko eta ardo apur batekin merienda egiten genuen, eta luzaroan egoten ginen hizketan. Horrenbestez, liburua oraindik idazten hasi ez naizen arren, saiatuko naiz kontatzen Miguel Okina zelakoa zen, eta haren ibilbidea jasoko dut".
Elkoroberezibarrek ere ondo ezagutzen zuen Miguel Okina, lagunak zirelako. "Etxean oso maitatua zen, haren koadroez inguratuta hazi nintzen ni", eta garbi dauka zein izan den Okinak artista moduan egin duen ekarpen handiena: "Batetik, haren obra zabala. Okina urte askoan bizi izan zen, 94 urterekin hil zen eta berandura arte egon zen margotzen. Hori horrela, lan mordoa egin zituen [Okinaren gertukoek uste dute 4.000 margo inguru egingo zituela]". Tamainako artista izan zen, baina Elkoroberezibarrek dio arte-liburuetan eta komunikabideetan apenas izan zuela oihartzunik. "Eta horren zergatia Miguel Okinaren izaeran dago. Oso pertsona umila zen, lagunen laguna eta inongo eztabaida edo polemikatan sartzen ez zena. Ez zitzaion zarata gustatzen, lasai ibiltzea maite zuen, eta esango nuke apaltasun hark eragina izan zuela, neurri handian, errekonozimendu falta horretan. Nahiz eta, bestalde, herri mailan oso pertsona maitatua izan zen. Alde horretatik, Okinak beti nabarmentzen zuen ez zituela koadroak saltzen, jendeak erosi egiten zizkiola. Ez zen inoiz marketin-zalea izan, ahoz aho zabaldu zen artista moduan zeukan maila. Eta bestalde, ez zen apurtzailea izan, ez zuen estilo abangoardistarik izan, ez zuen korronte berri bat sortzeko ahaleginik egin. Okinak bere estiloa zeukan, eta, estilo horri fidel, oso ondo egin zuen lan".
Herrian maitatua
Miguel Okina 1924ko irailean jaio zen, Bergaran, eta 2021ean hil zen, 96 urte zituela. Xabier Agirre (Bergara, 1955) Beart elkarteko kide eta arte irakasle ohiaren esanetan, "pintore eredugarria eta herrian maitatua, profesional handia izan zen pintura arloan, oso ordenatua eta diziplinatua lanean. Marrazkilari aparta, oso trebea ikatzarekin marrazten eta abila eta langilea pintzelarekin ere. Pinturatik bizi izan zen bizitza osoan, eta ondo bizi, gainera". Horren harira, Miguel Angel Elkoroberezibarrek garbi dauka Bergaran errazagoa zela ulertzea norbaitek halako apustua egitea. "Akaso, beste herri batean jendeak ez luke halako erabaki bat berdin ulertuko, baina Bergaran bai. Izan ere, gaur egun halako apustuak ohikoagoak dira, baina garai hartan lantegira edo tailerrera lanera joan beharrean artista moduan jardun nahi izatea apustu handia zen. Bergaran, baina, herriak berak sentsibilitate handia zuen artistekiko, jendeak barneratuta zeukan margolari izatea gauza duina zela, eta errespetatu egiten zuten hori".
Artista handi guztiak bezala, Parisen, Madrilen eta Katalunian – han ezagutu zuen Julio Galarta– ere garatu zuen haren lana, baina artista bergararra jaioterrira itzuli zen, margolari gisa goia jo zuen unean. Ordutik, Bergara izan zen haren gotorleku, babesleku eta maisutasunez egindako lanaren testigu. Egindako lanarekin, herriko kronistetako bat bilakatu zen Okina, eta belaunaldi berriendako irakasle ere izan zen. Izan ere, maisu-lanetan anaia Jesusekin batera ibilbide luzea egin zuen. "50eko hamarkadan Bergarako berduren azoka gainean eskolak ematen zituzten: Jesusek marrazketa lineala eta Miguelek artistikoa. Eskola haiek dohainik izaten ziren, eta, imajina dezakezuen moduan, Bergarako gazte mordoa pasa zen handik".
Okinak enkarguz egiten zituen lan asko; erretratuak egiteko eskatzen zioten, gehienetan, baina hamaika natura hil –bodegoiak– eta paisaia ere margotu zituen, bezeroek hala eskatuta. Haren iloba Josu Okinak erretratugile moduan egindako lana nabarmendu du: "Simon Arrietaren ondoren inguruan izan dugun erretratugile bakarra izan dela esango nuke. Eta erretratuak egitea ez da batere erraza; ez da soilik aurrean duzun horren antza duen margolana egitea, pertsonaiaren izaera jasotzen duen ezaugarriren bat harrapatu behar du pintoreak, pertsonaren arima atera behar da, eta hori da zaila".
Bergarako pintoreen gosea elikatzen
Elkoroberezibarrek nabarmendu du Okinak kopuruz eta kalitatez utzitako obra zabalarekin batera beste ekarpen handi bat izan dela jendearekin izan zuen eskuzabaltasuna: "Mundu osoa hartzen zuen ondo, eta ez zeukan arazorik zekiena irakasteko. Hura pintatzen ikusiz ikasten zuten besteek eta inoiz ez zuen pulpitutik berba egiten. Horrek elikatu du Bergarako eta inguruetako pintore askoren zaletasuna; neurri handian, eredu eta maisu izan da beste askorendako. Eta ez hori bakarrik: Okinak izan zuen produkzio altuak gainontzeko herritarrei ere artea gerturatu zigula esango nuke. Ez dut uste beste herri batzuetako etxeetan horrenbeste koadro daudenik paretetan zintzilik; deigarria da Bergaran eta inguruko herrietan zenbat koadro dauden. Bai Okinak egindakoak, eta baita beste artista batzuenak ere. Artearekiko zaletasuna herri mailan zabaltzen lagundu zuen".
Okinaren artelanak lokalizatu nahian
Bergarako pintorearen ekoizpen artistiko zabala katalogatzeko lanetan dabiltza, baina margolan asko lokalizatu ezinda dabiltza, eta deialdia egin dute. "Okinaren 2.000 lan baino gehiagoren dokumentazio fotografikoa dugu, baina, kasu askotan, ez dakigu margolanen protagonistak zeintzuk diren, eta ezta margolan batzuk non dauden ere". Hala, koadroen jabeei katalogazioan laguntzeko dei egin diete, eurekin harremanetan jartzeko (Josu Okina: 676 67 82 43). Izan ere, uste dute lan gehienak Eibartik hasi eta Eskoriatzara bitartean egongo direla. Horrekin batera, Miguel Okina omentzeko urteurreneko ekintzak irailean hasiko dituzte; Okina pandemia betean zendu zen, eta haren lagunarteak ez zuen artista bergararra nahi moduan agurtzeko aukerarik izan.
Miguel Lazpiurrek (Bergara, 1942) oso gaztea zela ezagutu zuen Miguel Okina. "50eko hamarkada inguruan ezagutuko nuen, 10 urte nituela. Marrazketa figuratiboa irakasten zuen berduren azoka gainean, eta haren eskoletara joaten nintzen gustura. Urteetara Miguel ez zen nitaz akordatzen, haren eskoletara neska-mutiko mordoa joaten ginelako, baina soldaduskatik bueltan hasi nintzen harekin margotzen. 1965. urte ingurua izango zen; lagun baten bitartez jakin nuen Miguel Okina lagun bila zebilela margotzera joateko, hark ez zeukan-eta gidabaimenik. Eta nik, berriz, ordurako doscaballosa neukan. Hala, Okinak txoferra behar zuen, eta nik maisu bat, eta halaxe hasi ginen zapatuero elkartzen".
Urte askoan Miguel Okinak eta Miguel Lazpiurrek ehunka zapatu arratsalde partekatu zituzten. Okinak zera esan zion lehenengo egunean: "Jendeak ez gaitzan nahastu, hemendik aurrera hi Mikel izango haiz, eta ni Miguel; kar-kar-kar... Beti izaten zuen garbi nora joan behar genuen margotzera. 15:00etan elkartzen ginen haren estudioan, eta Marietara, Aramaio aldera, Oñatira, kostaldera... Debagoieneko zenbat lekutan margotuko genuen... Araba aldera joaten ginen asko, eta handik bueltan Arrate tabernan geratzen ginen beti, Gatzagan. Txorizoa eta ardo apur bat ateratzen ziguten, eta Bergarara bueltatzen ginen kantuan".
"Ez zen azalpen asko ematekoa"
Lazpiurrek dio Okina ez zela irakasle moduan gainean egoten zen horietakoa. "Hura lanean ikusita ikasi nuen nik margotzen; ez zen azalpen asko ematekoa. Zapatuetan hark prestatzen zidan lientzoa, ni asti barik ibiltzen nintzelako, eta, askotan, Okinaren lagun min Julio Galartak [Arrasateko margolaria] esaten zion nora joan behar genuen margotzera. Galartak ordurako Renault txiki bat zeukan eta hura batera eta bestera ibiltzen zen margotzeko toki berrien bila, eta gero Okinari proposatzen zizkion".
Okinak zituen lagunak nabarmendu ditu Lazpiurrek: "Lorenzo Askasibar ere etortzen zen gurekin tarteka, beste askoren artean. Askasibar izan da inguruan izan dugun eskultore figuratibo handiena, Bilboko eskolakoa, eta mundu mailan errekonozitutako artista izan zen hura, New Yorkeko Saint Raymond hilerrian J.F. Kennedy presidenteari eskainitako monolitoa ere egin zuen...".
Inazio Zuloagaren eraginpean
Hain zuzen, Lazpiurrek Ignacio Zuloaga margolari eibartarraren eragina nabarmendu du Okinaren ibilbidean. "Zuloagaren ikasle kuttuna Simon Arrieta izan zen, eta ondoren Miguel Okinak jaso zuen bere irakasle Simon Arrietaren partetik eragin hori guztia. Zuloagaren paleta, Arrietarena... Horiek guztiak barneratu zituen Okinak. Eta ondoren etorri garenok hortik ikasi ahal izan dugu, edo horretan saiatu gara, behintzat; ahal duguna egin dugu".
Bai Simon Arrieta, bai Miguel Okina eta bai Fernando Azkargorta, sasoi hartan Bergarako etxe-orratzen azpian zegoen akademian margotzen ibiltzen ginenean hirurak pasatzen ziren ea zertan genbiltzan ikustera, eta zuzenketak egiten zizkiguten. Bertan batzen ginen Xabier Agirre, Jesus Mari Lazkano, Laskurain... Gaztetxo mordoa ibiltzen ginen han", dio Josu Okinak (Bergara, 1955). Josuk osabaren eragina bai, baina aitarena ere izan zuen. "Aita tailugilea zen, eta ni ere halaxe hasi nintzen. Horregatik, marrazketa eskoletara joan nintzenerako, banuen oinarri bat, ez nintzen hutsetik hasi".
Zapatu askotan joan zen Josu Okina osabarekin eta Miguel Lazpiurrekin margotzera. "20 urte izango nituen; gero, urte batzuetan utzita izan nuen margolaritza. Ondoren hasi, eta osabak margotzeari utzi zionera arte elkarrekin egon ginen estudioan; 89 urte ingururekin utzi zion margotzeari".
Osabarengandik ikasi nahian
Okinak dio asko zirela osabarengandik ikasteko asmoz joaten zirenak. "Osabari galdetzen zioten ea gurekin margotzera etor zitezkeen, eta osabak beti baietz. Etortzen ziren gurekin margotzera, eta esaten nien hobe zutela nik zelan margotzen nuen ikustea, pausoz pauso joaten nintzelako. Osaba beste maila batean zegoen, ez zen erraza haren teknika jarraitzea"
Arantzazu Arregi: "Figuraziorako zaletasuna eta obra bakoitzari behar duen denbora ematen irakatsi zizkidan"
Arantzazu Arregi (Bergara, 1955) 15 urte ingururekin hasi zen Okinarekin ikasten. "Orduan bueltatu nintzen Frantziatik, Narbonatik. Nire izeba moja zen komentuan egon nintzen frantsesa ikasten, eta lehenengo margoak ere harekin egin nituen. Frantziatik Bergarara itzulitakoan, nik margotzen jarraitu nahi nuen, eta gurasoekin berba egin eta gero erabaki genuen Miguel Okinarengana joatea; gainera, gure parean bizi zen. Okinak gurasoei esan zien sasoi hartan ez zituela eskolak ematen, baina hartuko ninduela haren estudioan, eta halaxe hasi nintzen".
"Narbonan apenas egin nuen koadro bat; esan genezake Okinarekin ia hutsetik hasi nintzela. Koloreak zelan nahastu, paletan zelan ordenatu, halakoekin hasi ginen, eta bereziki hark zelan margotzen zuen ikusten nuen".
Okinaren oinarria
Arregik dio marrazkilari moduan ez duela halakorik ezagutu: "Sekulako erraztasuna zeukan, edozein eszena margotzeko gauza zen. Gero, beste influentzia batzuk izan ditut, beste bide bat egin dut, baina nire teknikaren oinarria Okinak irakatsitakoa da. Marrazki askoko koadroak, detaile askorekin... Beste gauza askoren artean, figuraziorako zaletasuna eta obra bakoitzari behar duen denbora ematen irakatsi zizkidan".