Oztoporik Ez! kolektiboa martxan da Bergaran, zirkuitu komertzialetik kanpo mugitzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko uzt. 4a, 09:05

Eskaintza komertzialetik kanpoko kultura ekintzak Zuk zeuk egizu filosofia oinarri hartuta sortzeko, Oztoporik Ez! kolektiboa sortu dute kartzela zaharrean: "Egun, aretoak betetzea eta sarrerak agortzea bihurtu da lehentasuna, eta ez sortzen den kultura-giroa zaintzea". Kolektiboko kide Jone Albeniz, Miren Zaloña eta Jon Bedialaunetarekin elkartu da GOIENA.

Eskaintza edo zirkuitu komertzialetik kanpo eta Zuk zeuk egizu filosofia oinarri hartuta askotariko kultura ekintzak sortzea. Horiek dira, labur esanda, kartzela zaharraren bueltan sortu berri den Oztoporik Ez! kolektiboaren ezaugarri nagusiak. "Duela hiru hilabete, hamar bat lagun elkartu ginen kartzela zaharra etxe moduan hartuta askotariko arte adierazpenei lekua egiteko", adierazi du kolektiboko Jone Albenizek.

Sold out-a, "arriskutsua"

Ekainaren 29an egindako "jai berezi batekin" aurkeztu zuten taldea. "Ez dugu ezer berririk asmatu, inguruan badaude hainbat adibide gauza asko antolatzen ari direnak. Baina argi dugu zirkuitu komertzialetik kanpokoak erakartzen gaituela; beste formatu eta helburu batzuekin antolatzen diren jaialdi handiek jende asko mugitzen dute, eta guk nahiago dugu gure espazioa hortik kanpo izan. Gogotsu gaude gaztetxean ekintzak antolatzeko, eta hori taldearen babesarekin egitea beti da lagungarri", gaineratu du Miren Zaloñak.

Bestalde, gaur egungo sold out-aren kulturaren gainean ze iritzi duten galdetuta, honako hau dio Jon Bedialaunetak: "Pandemia inflexio-puntu bat izan zen denontzat, eta, nor bere lekutik, jende asko irten ginen gauzak antolatzeko gogoz. Kultura eskaintza asko indartu da, baina dena ez da ona; sold out-aren fenomenoa arriskutsua izan daiteke; artista estutu dezake edo bide hori hartzera eraman. Gaur egun aretoak betetzea edo sarrerak agortzea da lehentasuna hein handi baten, eta ez da horrenbeste zaintzen sortu daitekeen kultura-giroa denontzat den segurua eta erosoa. 30 lagunendako kontzertu bat emankorragoa eta politagoa izan daiteke izerdi betean 300 lagunez goraino dagoen ikuskizun bat baino".

Uztailaren 12an dokumentala

Artea eta kultura gaztetxean modu autogestionatuan sortu eta eskaintzea "askoz zintzoagoa" dela uste dute; ez da zenbat, zelan baizik. Egitaraua modu horretan osatzea da asmoa; hurrengo zita uztailaren 12an izango da, Arrasateko musika irakasle Jesusi Etxebarria protagonista duen Punkaren beste aldea dokumentalaren proiekzioarekin; patioan emango dute, gauez. Irailerako edo urrirako aurreikusita dute Tatxers eta Zikin taldeak ekartzea: "Oraindik, baina, ez dugu guztiz lotuta". Hori bai, gogotsu dagoen edozein kultura-zalerentzat ateak "erabat" dituzte zabalik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak