Euskadiko Orkestra Bergarara datorren seigarren aldia izango da irailaren 6koa eta oraingoan helburu oso zehatz baten bueltan emango dute kontzertua San Pedro elizan. Izan ere, kontzertuan batuko den diru guztia bideratuko dute Stoltz Freres organoaren mantenura. Baina ze mantenu lan dira zehazki? Honako hau erantzun du Stoltz Freres Organoaren Lagunak Elkarteko kide Iñigo Alberdik: "Organoaren zaharberritzea bidean dago, eta ordainduta. Mantenura begira konponketa txiki batzuk falta dira eta behin organoa guztiz zaharberritzen denean elizako koroari pipiaren aurkako tratamendua ere eman zehar zaio; izan ere, arriskua dago denboraren poderioz pipiak organoa erasotzeko".
Azaroan inauguratuko dute organoa
Organoa, bi urte eta erdiz Frantzian modu artisauan konpontzen eta berritzen egon ostean, 2024ko apiril hasieran heldu zen San Pedro elizara. Hain zuzen ere, zapatuan Bergarako orfeoiak Ganbera orkestrarekin batera eman duen Adoro Te Devote izeneko kontzertuan Mozart-en Ave Verum pieza joko du Aitor Olea organo-jole titularrak aurrerapen moduan baina oraindik ez dago erabat zaharberrituta. Hortaz, noiz inauguratuko dute organoa %100eko sonoritatearekin? 2024ko azaroa izango dela zehaztu du Alberdik.
Roch: "Plazer handia da guretzat Bergarara itzultzea, eta baita betebehar bat ere"
Hain zuzen ere, 2014a ezkero Euskadiko orkestrako zuzendari nagusi den Oriol Roch jarri zen harremanetan lagun duen Iñigo Alberdirekin, komunikabideetan ikusi ostean Stoltz Freres organoa berritzen ari zirela, eta euren burua eskaini zuten organoaren aldeko kontzertu hori emateko. Roch-ek badaki-eta Bergarakoa bereziki musika-zalea den publikoa dela: "Bergarako publikoa oso musika-zalea da, hor dago euren Stoltz organoarekiko erakusten duten maitasuna eta debozioa. Izan ere, Bergarak musikarekin duen tradizioa oso berezia da, eta hori historian zehar erakutsi dute hainbat ekitaldirekin eta herrian dauden askotariko eragileekin. Horregatik, guretzat Bergaran egotea eta Bergarako publiko musika-zalea asebete ahal izatea, plazer handia da guretzat eta baita betebehar bat ere".
Artola: "Sekulako aukera da"
Gaur goizean Bergarako udaletxean egindako prentsa agerraldian, Gorka Artola alkateak esker ona adierazi dio orkestrari eta organoaren berreskurapenaren alde lanean diharduen herriko elkarteari, eta balioan jarri du gauzak egiteko beste modu batek ahalbidetu duela elkarlana. "Organoaren berreskurapen lanak elkarlanean abiatu ziren eta orain Euskadiko Orkestrak beste aletxo bat jarriko du elkarlan horretan. Sekulako aukera da Euskadiko Orkestra Bergaran izatea, are gehiago herriko ondarearen babeserako bada".
Irailaren 6ko kontzertu berezirako sarrerak laster jarriko dituzte salgai seminarixoa.eus webgunean, hamar eurotan. Gainera, asmoa dute antolatzaileek egunean bertan ere sarrera batzuk San Pedro elizan bertan salgai jartzeko.