Fantasiazko eta beldurrezko ukituak uztartu ditu Joseba Zeziagak Bergarako Udalak emandako kultura sorkuntza sustatzeko bekari esker egin duen Loerre film laburrean. Gaur estreinatu dute Seminarixoan, eta hainbat herritar erakarri ditu emanaldiak.
Egile bergararrak iaz eskuratu zuen 5.000 euroko beka ordurako idatzita zeukan gidoia gauzatzeko, eta urtebete izan du proiektua burutzeko: "Apirilean eman zidaten beka, eta horri esker film laburra egin ahal izateko materiala erosi nuen, baita bertan parte-hartu dutenei zerbait ordaindu ere. Izan ere, tamalez, horrelako proiektuetan askotan musu-truk egiten du lan jendeak".
Urrian egin zituzten grabazioak, bi egun eta erdian, Baiona eta Paue artean dagoen Saint-Pere-de-Leren herrian eta gerora Zeziaga bera arduratu da posprodukzioaz eta edizioaz. Behin estreinatuta, jaialdi amateur-en baten parte hartzea gustatuko litzaiokeela dio. Bekari berari, buruz, “oso ondo” dagoela dio: "Sorkuntza proiektuak egin behar direla esaten da baina gero ez dago laguntzarik, eta askotan garestiak izaten dira. Nire lehen film laburra izanda nik neuk hobetzeko gauzak ditudan moduan, bekaren lehen aldia izanda ere badaude hobetzeko gauzak. Baina animatuko nuke jendea hurrengo deialdira aurkeztera".
"Kalitatezko lana"
Maite Usabiaga Bergarako Udaleko Kultura zinegotziak, Joseba Zeziaga egindako lanagatik zoriontzeaz gain, azaldu du bekaren helburua bete dela: "Hutsetik hasitako sormen lana izan da, kalitatezko lana. Eta benetan izan da aukera bat hasiberria den pertsona batek bere sorkuntza Seminarixoan aurkeztu dezan".
Era berean, beka martxan jarri zenetik lehen emaitza aurkeztu denera arteko prozesua "luzea eta intentsua" izan dela gaineratu du, baita, beka "hobetze" aldera, ikasketa bat ere: "Zentzu horretan Joseba Zeziagak ekarpen pila bat egin ditu etorkizunera begira".