Manifestazioaren amaieran euren aldarrikapenen berri eman dute, anbulatorioaren atarian: "Udan, Osakidetzak 77 anbulatorioetan murriztuko ditu arreta-ordutegiak; 44 anbulatorioetan itxiko ditu zerbitzuak zenbait egunetan, eta beste 10 itxita egongo dira. Zerbitzuen murrizketa hori beste uda batzuetan baino zabalagoa da, ekainean hasten baita, beste urte batzuetan uztailean eta abuztuan aplikatzen zenean. Murrizketa horiek justifikatzeko, Osakidetzaren aitzakia betikoa da: udan arreta-beharrak gutxitzen dira, osasun-profesionalek oporrak hartzeko eskubidea dute eta ez dugu behar besteko medikurik lehen mailako arretan zentroetan behar bezalako arreta emateko".
Bergarako egoera salatu dute bereziki
Eta gaineratu dute Bergarari dagokionez ez dela ordutegi murrizketarik egongo, urte guztian pairatzen ari diren "errealitatea" delako: "Lehen 20:00etan ixten zen eta gaur egun 17:00etan ixten da. Aitzitik, Bergarako anbulatorioko lan postuak beteko direnik bermerik ez daukagu. Normalean lanean dauden langileen %50 bermatzeko jarraibidea dute, baina hori ezin da bermatu lan bajen kasuan. Izan ere, momentu honetan mediku bat falta da leku aldaketagatik, beste mediku bat falta da bajan egoteagatik, eta lizentziengatik ematen ari diren hutsuneak ez dabiltza betetzen, hauek dakartzaten zerbitzu galerarekin. Urtero errepikatzen den beste murrizketa bat ere badago, gaixotasun kronikoak dituzten gaixoei erizainek egiten dien jarraipena da, izan ere, garai hauetan inor ez zitatzeko jarraibidea dute. Zentzu horretan pediatria zerbitzuak iaz izan zuen egoera salatu nahi dugu. Egun batzuetan Bergarako osasun zentroan ez zen zerbitzu hau eman. Eta nahiz eta pentsatu zerbitzu honek guregan ez duela eraginik, gure senitartekoek zerbitzu hau behar dutenean zuzenean eragiten digu".
Horrez gain, gogora ekarri dute osasun langileek "eskubide osoz" dagokien oporrak hartzen dituztenean zerbitzuaren kalitatean galerarik egon ez dadin ez dutela neurririk hartzen.
Amaitzeko, EAJri eta PSE-EEri ere mezu zuzena bidali diete: "Osakidetzako egitura-arazoak onartzeari uko egiten diote. Sindikatu guztiek kritikatu eta salatu dute egoera hori, eta jakina, hauteskunde autonomikoetan EAJ eta PSE-EEren Imanol Pradales eta Eneko Andueza hautagaiek, kanpainan egindako promesetatik haratago, ez dugu ezagutzen egoera hori gainditzeko neurrien plan zehatzik".