115 ekintza jasotzen ditu guztira bere baitan Bergarako Udalak egin duen Klima eta Energia Planak. 2022an hasi ziren plana osatzeko lehen pausoak ematen, eta egoeraren diagnosia egitean izan zen lehen urratsa. "Diagnostikoak jakinekoak diren gauzak azaleratu ditu, eta, gainera, ez direnak bakarrik Bergaran gertatzen, baizik eta eskualde mailako diagnostikoetan zein herrialde mailakoetan, BEG isuri handienak garraiotik eta industriatik datozela. Udalari dagokionez, Agorrosin da gure kontsumotan eta isurietan eragin handiena duen eraikina eta zerbitzua", adierazi du Markel Azkargortak, Udaleko Lurralde batzordeko lehendakariak.
Behin diagnostikoa eginda garatu duten planak, hala, hiru helburu nagusi ditu: "Alde batetik, 2030erako BEG isurien %40a murriztea; beste alde batetik klima aldaketa gelditzea, eta klima aldaketaren agertoki ezberdinetara egokitzea; eta hirugarren bat da gobernantza klimatikoa garatzea; hau da, herritarrak norabide berdinean jartzea. Eta planak berak erakutsiko digu bidea".
Izadi 21 aholkularitza enpresak idatzi du plana, eta esku-hartzen ez bada klima aldaketak Bergaran izan ditzakeen ondorioak ere identifikatu ditu, Edurne Simon Urioren, Izadi 21 aholkularitza enpresako kidearen, hitzetan: "Espero da batez beste hogei euri egun gutxiago izatea Bergaran. Prezipitazioari lotuta baita ere lehorte guneek gora egingo dute batez ere 2070-2099 epean, eta tenperaturari dagokionez, batez besteko tenperaturak ere gora egingo du; gutxi gorabehera, 3,5 eta 4 gradu artean, esan bezala, agertoki okerrenean".
Izaera anitzeko ekintzak
Azkagortaren esanetan, planak jasotzen dituen 115 ekintzak intentsitate eta izaera anitzekoak dira: batetik, klima aldaketa arintzea helburu dutenak daude, eta beste aldetik aldaketak ekarriko dituen ondorioei eta agertokiei aurre egin gura dietenak. "Hor tartean proposatzen ditugun ekintzak dira biodibertsitatearen zaintzaren ingurukoak, eta gero eratorri ahal diren arriskuak aurreikusi, eta arrisku horiei erantzun bat emateko planifikazio bat martxan jartzea, hala nola denboraldien eta uholdeen inguruan".
Apirileko osoko bilkuran aho batez onartu zuen Bergarako udalbatzak Klima eta Energia Plana, eta Azkargortak jakinarazi duenez, dagoeneko badabiltza ekintza batzuk gauzatzen. Gaineratu du nahia dela herritarrek ere bat egitea planarekin, planak dituen ekintzetan elkarlanean arituz.