Puntua aldizkariaren 414. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Jabi Lazkanok, Olaso Dorrea Fundazioaren ondare arduradunak, kasualitate multzotzat du aurkikuntza: "Tailu hori beti egon da hemen, lehenengo pisuko saloian. Artearen historialari bat etorri zen aseguruarentzako tasazio bat egitera. XVII. mendekoa zela esan zigun, Santa Luzia bat. Halako batean, justu, Arantza Otaduy etorri zen eta tailuari erreparatu zion". Hor agertzen da historia honetako bigarren protagonista, Arantza Otaduy artearen historialaria: "Eskultura ikusitakoan, momentuan identifikatu nuen Juan de Mesaren lan bat gisa. Egun batzuetara, Jabiri idatzi nion katalogo-fitxa erakusteko; anonimo gisa agertzen zen".
Atribuzioen egilea
Otaduik azpimarratu du ezin dela baieztatu tailua Juan de Mesarena dela: "Ezin da ofizialki autore batena dela esan hori frogatzen duen dokumentu bat aurkitu arte". Kasu horietan, atribuzio bezala ezagutzen den izendapen bat egiten da, eta hori egin du Otaduyk: "Kasu horietan, nik egin dudana egiten da, azterketa ikonografiko bat, baieztatzeko kanon estetiko guztiak betetzen direla, eta haren egiletza aitortzeko".
Juan de Mesaren estiloa betetzen duten hainbat elementu identifikatu ditu Otaduyk eskulturan: "Artearen historialaria naiz, eta Juan de Mesa ikasi egiten da unibertsitatean. Haren eskultura guztiek oso tipikoak diren detaile batzuk dituzte: sudur mota, ezpain mota, begia margotzeko modua, oihalak tratatzeko forma eta abar. Hori guztia begia garai hartako lanetara ohitua duzunean identifikagarri bilakatzen da".
OSO OHIKOA DA JUAN DE MESAREN LANEN ARTEAN EGILETZA BAIEZTATZEN DUEN EZER EZ IZATEA
Artearen historialaria beste zenbait historialarirekin jarri da harremanetan, bereziki haren unibertsitateko irakasleekin, eta intuizio ona izan duela baieztatu diote. Andaluziako Ondare Historikoaren Institutuak ere Otaduyren susmoa zuzena dela baieztatu du. Artean adituak diren pertsonak, bereziki andaluziarrak, ohituak daude Juan de Mesaren lanekin horrelakoak gertatzera, haren lanen erdiak atribuzioak dira eta: "Ezagutzen diren Juan de Mesaren lan erdiek ez dute oinarri dokumentalik, guztiak atribuzioak dira. Ziurrenik, askotan, kontratuak egin ere ez zituzten egingo".
Atribuzioaren langa gainditu ahal izateko ikerketa dokumental handia egin behar dela azpimarratu du artearen historialariak, haren inguruko inork hartu ezin duen lan bat. Gainera, baliteke bide horretatik erantzunik inoiz ez aurkitzea. Hala ere, Otaduyk denbora eta gogoa dutenei dei egiten die ikertzen hasteko.
Artxiboetan emaitzarik jaso ez arren, egon daiteke egiletza baieztatzeko beste modu bat. Juan de Mesak ohitura bitxi bat zuen, lan batzuetan praktikara eraman zuena, eta zenbaitetan bere egiletza baieztatzeko balio izan duena: "Batzuetan bere obra barrutan papertxo bat sartzen zuen, lan hori berak egindakoa zela esaten. Gertatu izan da zaharberritze lan batzuetan pieza ustelak kentzeko eskultura ireki eta paper zati horiek aurkitzea".
Aipatzeko moduko beste kontu bat da Otaduyk ez duela batere garbi tailua zerena den: "Santa Luzia bezala dago katalogatuta, baina nik ez dut batere garbi. Santa Luziaren ezaugarrietako bat da erretilu edo labana batean bi begi eramaten dituela. Egia da atributu horiek izan ditzakeen eskua galduta duela. Beraz, esan dezakegun bakarra da santa bat dela, baina, dokumentazioari begiratuta, badakigu familiak Santa Maria Magdalenaren tailu bat zuela, nahiko garestia. Posible da tailu hori izatea esku artean duguna, baina nik hori ezin dut zehaztu. Momentuz, Juan de Mesaren beste milaka lanen gisara, atribuzioa den lan bat dela bakarrik esan daiteke".
Juan de Mesa eta euskaldunak
Juan de Mesa Barroko garaiko eskulturagile kordobarra izan zen. Haren garaiko eskulturagile ospetsuenen artean kokatzen du Otaduyk: "Espainiako Erresuman hamazazpigarren mendean izan den eskulturagile gorenetako bat da, bost eskulturagile garrantzitsuenetakoen artean kokatu daitekeena".
EGILETZA BAIEZTATZEN BADA, BERGARAN, METRO GUTXIAN, JUAN DE MESAREN BI LAN EGONGO LIRATEKE
Kordobarraren garrantzia kontuan hartuta, harrigarria da herri berean, horren metro gutxiko distantzian, haren bi lan aurkitzea. Hala ere, historialariak dioenez, Juan de Mesak eta euskaldunek uste baino harreman handiagoa zuten: "Juan de Mesa Kordoban jaio zen, eta gero, Sevillara lekualdatu zen, metropolia hura zelako. Han zeuden bezero onenak, dirudunenak, eta haien artean euskaldun asko. Oso ondo kokatuta zeuden Austria leinuko errege-erreginen gorteetan".
Euskal herritarrak sarri ibili dira munduan barrena, eta horren eraginez, Olaso Dorrean egin den aurkikuntzaren gisakoak ez dira horren bitxiak: "Altxor pila bat gelditzen dira ezagutzeko gure eliza eta etxeetan. Pentsatu behar dugu euskal herritarrok ze harreman izan dugun Sevillarrekin, amerikarrekin eta bestelako lurraldeekin. Oso herri migrantea izan gara".
Olaso Dorrea, pozik
Otaduik lehen pausoa eman zuenetik, prozesu osoa ezin sinetsita dago Lazkano: "Guretzat ikaragarria izan da. Zera... 50 metrotan Juan de Mesaren beste lan bat agertu da. Sevillatik ere hainbat pertsonak deitu digute honen guztionen informazioa eskatzen". Orain, Lazkanok aipatu duenez, posible baldin bada, eskultura zaharberritzea dute buruan, haren ustez beharra du eta.