Ander Malbadi: "Denon artean dastatze-menu ona eskaini dugu"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko eka. 7a, 13:50

Afizioz aktore den albizturtarrak eskuratu du 1.000 eurorekin eta Bergarako tostoiekin eta erreilenoekin osatutako saria egubakoitzean jokatutako Algaraka-ren finalean.

Ogibidez ingeniaria den baina aktore lanetan ere jarduten duen Ander Malbadik (Albiztur, 1989) irabazi du Algaraka bakarrizketa lehiaketako sari nagusia.

Zorionak! Pozik sari nagusia irabazita?

Oso pozik! Astebete pasa bada ere, digeritze prozesuan oraindik.

Zer jaso duzu ingurukoen eta lehiakideen partetik?

Esango nuke denak saiatu garela lehiaketa bigarren mailan uzten eta denok ikusi dugula Algaraka umore-plaza moduan, nahiz eta sailkapen bat eskatzen duen. Niri egokitu zait lehenengoa izatea, baina garbi daukat beste edozein egunetan besteren bat izan litekeela irabazle nagusia. Zoriondu beharreko jende asko dago lehiaketa horren inguruan.

"Umorerako plaza bat izan gura nuen, eta hiru plaza handi izan ditugu 'Algaraka'-rekin"

Gustatu zaizu Algaraka?

Bai; iruditzen zait mimo handiz egindakoa izan dela. Badakit Goienak eta Jardunek eskarmentua dutela askotariko ekimenak antolatzen, eta oraingoan ere lehiaketa bat izan arren produktu txukun bat plazaratzea lortu dutela argi dago. Hiru areto ezberdinetan emanaldi oso politak gelditu direla uste dut. Mimoa nabaritzen da antolakuntzan, dekorazioan, aurkezleen gidoietan... Eta ez dut hori esaten barruan egon naizelako; hartzaile edo ikusle moduan ere hala sumatu dut.

Lehiaketaz harago, telebista saio bat izan da; traba izan dira zuretzako kamerak?

Egia da astero EITBko Piztu telebista saioan azaltzen naizela, baina bizipen eta egiteko modu ezberdinak dira; hau da, Piztu telebista-ren kasuan, nire etxera datoz kamerak, ez da telebista plato bat, eta aldamenean nire haurtzaroko lagun bat dut. Hala ere, antzokian ez naute horrenbeste arduratu kamerek, presio puntu handiagoa sorrarazi dit lehiaketa izateak.

Zerk animatu zintuen Algaraka lehiaketan parte hartzera, plaza gogoak, bereziki?

Erabat! Nire kasuan, bai; izan ere, partaide gehienen moduan, orain dela gutxi hasi nintzen bakarrizketak egiten. Hamar urte daroat Katiuska antzerki taldean parte hartzen, baina iazko azaroan egin nuen estreinakoz bakarrizketa saio bat. Harrezkero suertatzen zaizkidan aukera guztiak aprobetxatzekoak dira niretzako.

Saio ia guztietan moduan, finalean ere aretoa beteta; pozik ikusten da hori taularen gainetik, ezta?

Bai, horixe! Hasteko, Seminarixoa hutsik ere polita da, eta horri gehitzen badiozu aurreko egunetan agortu direla sarrerak, eta, gainera, publiko beroa izan dugula aurrean, bada, itzela da!

Zer iruditu zitzaizkizun beste lehiakideen kontakizunak?

Denak saiatu ginen finalean zerbait gehiago eskaintzen: Ion Martinez Txiki-k musika erabili zuen; Asier Galartzak beste baliabide bat eskatu zuen eta asko jokatu zuen horrekin, asko pentsarazi zigun bakarrizketa sakonagoa egiteko; eta Manexek estilo propioa du. Hori izan da politena, bakoitzak bere ukitua eman diola elkarrekin dastatze-menu anitza eskaintzeko.

Bukatu da Algaraka zuretzako?

Ez, oraindik ez; oholtzaren atzeko aldetik ikusitakoak hobeto ikusi gura ditut pantailaren bitartez orain.

Jan dituzu tostoiak eta erreilenoak?

Ari naiz poliki-poliki, baina gurasoei eman nahi dizkiet, nik denak ez jateko.

Eta pentsatu duzu irabazitako 1.000 euroak zertan inbertitu?

Oraindik ez, baina oso ondoetorriak dira; hala ere, aurrez esan moduan, plaza nahi nuen, bereziki, nik, eta irabazteagatik plaza gehiago lortzeko aukera badut, ederto!

Yogurinha Borova, Aner Peritz, Josu Zubia eta Idoia Torregarai epaile lanetan.

Lehenengo aldia, "arrakastatsua"

Bergarako Jardun Euskara Elkarteak eta Goiena Komunikazio Taldeak antolatu dute estreinakoz Algaraka Bakarrizketa Lehiaketa, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bergarako Udalak babestuta eta Zumarragako eta Urretxuko Udalen eta Zumaiako Udalaren laguntzarekin. Guztira 12 parte hartzaile aritu dira, bada, hiru kanporaketa eta finala jokatuta, lau bakarrizketarik irabazi dute sari bana.

Josu Zubia, Idoia Torregarai eta Aner Peritz epaimahaikideen eta finalean gonbidatua izan zen Yogurinha Borova artistaren boto gehien jasota Ander Malbadik eskuratu zuen sari nagusia –1.000 euro eta Bergarako tostoiak eta erreilenoak–; Ion Martinez Txiki-rentzako izan zen bigarren saria, hau da, Bergarako gozoak gainera, 600 euro; Bergarako Zumelaga jatetxean afaria eta Lamaino Etxeberri nekazari-etxean gaua eta gosaria eskuratu ditu, berriz, hirugarren sariaren irabazle Asier Galartzak eta Debako Manex Astigarragari eman diote Bergara Saria, hau da, Bergaran erabiltzeko 250 eurotako bonua.

Kanporaketa guztiak moduan, finala ikusteko aukera izango da Goiena Telebistan: gaur, egubakoitza; 20:30ean, bihar 23:00etan, eta, domekan,18:00etan eta 23:30ean. EITBren Primeran streaming plataforman dagoeneko saio guztiak daude ikusgai. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak