'Elikadura eskubidea auzoan hasten da' solasaldia izango da martitzenean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko api. 19a, 09:21

Biziola elkarteak, Bidezko Elikadura-Justicia alimentaria gobernuz kanpoko erakundeak eta Bergarako Elikadura Mahaiak antolatu dute. 18:30ean izango da, UNEDen.

Elikadura eskubidea auzoan hasten da izenpean, solasaldia egingo dute datorren martitzenean, apirilaren 23an, UNEDen, eta galdera batetik abiatuko dute: "Zein ekimen jarri dezakegu martxan lurra eta elikagai freskoak baliabide gutxien dituzten herritarrei bermatzeko?". Era horretan, antolatzaileek adierazi dutenez, asmo dute "komunitate mailan antolatu eta ikuspegi asisentzialista gainditzeko ekimen berriak martxan jartzeko lehen haziak" jartzea.

Hala, behin gaia kokatu ondoren, bi esperientzia ezagutzeko aukera izango dute gerturatzen diren parte-hartzaileek: Entreiguales (Valentzia, Herrialde Katalanak) eta Turtit Auzolan (Barakaldo, Bizkaia).

Elkarlanean antolatua

Biziola elkartea, Bidezko Elikadura-Justicia alimentaria gobernuz kanpoko erakundea eta Bergarako Elikadura Mahaia dira solasaldiaren antolatzaileak, eta lehena Bergaran egin ostean, Lazkaon (Gipuzkoa) izango da hurrengoa: apirilaren 24an, 18:00etan, Biziola espazioan. "Herritar denei elikadura osasuntsu eta iraunkor bat bermatzerakoan, elikadura politika publikoez harago, auzotik eta herritik martxan jarri daitezkeen ekimenak jarri nahi ditugu balioan".

Bergarako kasuan, Kataian jardunaldietako azken jarduera izango da. Bergarako Elikadura Mahaiak azaroan eman zuen horren berri, eta lau saio –azkeneko honekin bost– antolatu dituzte ordutik. Haien arabera, jardunaldi hauetan mahai gainean jarri nahi izan dute "elikaduraren gaineko erabakimena ezin dela erabaki pertsonal bat soilik izan", eta inguruak eskaintzen duena aintzat hartuta, "herritar guztientzako elikadura osasuntsu eta iraunkor bat bermatzeko gakoak lantzea" izan dela asmoa.

Entreiguales



Raquel Álvarez Herranz mendietako ingeniaria da eta Agroekologiako masterra du. 2018az geroztik, Valentziako Bidezko Elikadura GKE-ko hezkuntza- eta proiektu-teknikari gisa lan egiten du, persona guztientzat eta bereziki zaurgarrienentzat, elikadura egokirako eskubidea defendatzen eta sustatzen.

Duela hiru urtetik, Entreiguales proiektua koordinatzen du, ACOECekin (Komunitate arteko Lankidetzarako Elkartea) lankidetzan garatutako proiektua, Valentzian egoera zaurgarrian dauden pertsonen artean elikadura osasungarria, jasangarria eta solidarioa izateko eskubidea sustatzea helburu duena. Hori lortzeko, elkarteen eremuko liderrak prestatu eta ahalduntzen dira, beren inguruan elikadura osasungarri, iraunkor eta solidariorako eskubidearen aldeko dinamizatzaile komunitarioak izan daitezen.

Gaitu ondoren, pertsona horiek sentsibilizazio- eta dinamizazio-jarduerak egiten dituzte beren kolektibo eta komunitateetan, prozesu pedagogikoa kolektibo hauetako beste pertsona-talde batzuetara zabaltzeko eta eragin biderkatzailea sortzeko. Metodologia hori “berdinen arteko hezkuntzan” oinarritzen da.

Turtit Auzolan



Amazigh gazteek sortutako elkartea da Agharas, eta urteak daramatza kulturartekotasuna lantzen Barakaldo inguruan. Duela lau bat urtetik, kalean bizi diren gazteei astean hirutan afariak ematen dizkiete, eta harrera pisu bat ere badute martxan, aldi baterako erabiltzeko.

Ekoizpen proiektu baten baitan, beste lurralde batzuetako eta bertako baserritarren jakinduria uztartzen saiatzen dira proiektuan, teknika eta erritmo desberdinak errespetatuz eta elkarrekin negoziatuz. Eredu ekologikoan ari dira, eta oraindik ekoizpen txikia badute ere, elkarteak antolatzen dituen afariak eta pisua hornitzea dute etorkizuneko helburu.

Proiektua martxan jarri eta lursaila eskuratzeko, Bizilur elkartearen laguntza izan dute; elikadura burujabetzaren alde lanean ari den GKE da berau. Azken hilabeteotan, hainbat auzolan egin dituzte fruta-arbolak landatu eta ortua egiteko gune aproposak ez diren toki horiek aprobetxatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak