Pantailen "tsunamiarekin" kezkatuta, burua altxatu beharraz ohartarazi nahi dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko api. 17a, 13:48

Gipuzkoako beste herri batzuetan bezala Bergaran ere badira hilabete batzuk guraso batzuk elkartzen hasi zirela pantailen erabilerak bereziki ume eta nerabeengan sortzen dituen arazoez kezkatuta. Atzo egin zuten azken bilera eta iragarri dute apirilaren 30ean Miren Rosen Haurrak, nerabeak eta pantailak hitzaldia antolatu dutela, Seminarixoan (18:00)

Hasiera baten ikastetxe bakoitza bere modura hasi zen elkartzen eta gero Gipuzkoako Altxa Burua ekimenak antolatutako bilera batera joan ziren herri modura. Ordutik beste zenbait bilera egin dituzte, Antzuolako eta Elgetako gurasoen presentziarekin, izan ere, bi herri horietako umeak Bergaran egiten duten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta oso hedatuta dagoen ohitura da une horretan umeari mugikorra ematea.

Hiru helburu nagusi

Azken bilera atzo egin zuten Mariaren Lagundiko gela baten, eta hiru helburu nagusi dituzte begiz jota. "Ikusten dugu oso gazte ematen zaiela mugikorra eta ez daude prest horren erabilera on bat emateko eta horregatik nahi dugu erabilera atzeratzea. Horrez gain, eskolak mugikorrik gabeko gune izatea nahiko genuke. Bestalde, horretarako gizarte mailan kontzientziazioan eragiteko prest gaude, elkarlanerako prest", adierazi du Bergarako Altxa Burua taldeko Olatz Arteagak.

Miren Ros apirilaren 30ean, Seminarixoan

Gizarte mailako kontzientziazio horri begira, hain justu, hitzaldia antolatu dute Altxa Burua Bergaratik apirilaren 30erako, Bergarako Udalaren laguntzarekin. Miren Ros gonbidatu dute Seminarixora hitzaldia eman dezan arratsaldeko seietan hasita.

Pantailen "tsunamia"

Pantailen erabilerari dagokionez, helduok eredu garen galdetuta, honako hau erantzun du Arteagak. "Oso eredu txarra gara, aitortu beharra dago. Aldi berean, egia da pantailak tsunami bat bezala sartu direla gure bizitzetan eta orain ari gara konturatzen nolako kalteak sortzen dituen. Behin ohartuta, buelta eman nahian gabiltza".

Bergarako Altxa Burua taldetik gaineratu dute jakin badakitela hainbat guraso daudela kezkatuta gaiarekin, eta horregatik Miren Rosen hitzaldira joateko gonbidapen berezia egin dute. Izan ere, ekimenera batzeko ateak erabat zabalik dituzte eta diote, arazoaren tamaina zein den ikusita, ezinbestekoa izango dela elkarlana aisialdiaren bueltan diharduten herriko beste hainbat eragilerekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak