Olanoren arabera, "Euskadiren garapenerako zientziak eta euskalgintzak elkarren eskutik jarraitu" behar dute: "XVII. mendean Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Euskal Herria zientziaren argitara eraman zuen bezala, adimen artifizialera eta abangoardia teknologikora jauzia egin behar du gure hizkuntzak orain, erabilera soziala indartzeko funtsezkoak izango baititugu berrikuntza eta esperimentazioa". Hala ere, etorkizuneko eginbeharrekoak horiek direla uste arren, hautagaiak erantsi du euskarak eta euskal kulturak dagoeneko "berebiziko erronkak gainditu" dituela: "Laboratoriumen gaude, eta aipatu beharra dugu duela ehun urte euskarak oraindik ez zuela burutua batasun prozesua eta hezkuntza eta ikerketa mundura jauzia". Beraz, "begirada luze hori" izatea funtsezkotzat jo du.
Letek, berriz, Xabier Munibe eta Azkoitiko Zalduntxoak izan ditu gogoan, haiek izan zirelako Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zutenak. "Euskal Herria krisi egoera sakonetik ateratzeko Europako ilustrazio korrontea ekarri zuten, Zientziak eta kultura txertatuko zituen korrontea". Haren arabera, EAJk "argi" du "gauzak ez direla egun batetik bestera egiten", baina "frogatu du gaitasuna duela gure herriaren aldeko proiektuak, askotan epe luzerako edo ertainerako direnak, martxan jartzeko". Azaldu duenez, EAJk "beti" izan du "argi Euskadiren etorkizuna euskara eta teknologia edo zientzia" direla, eta, hala, "herrigintzaren eta erakundeen ibilbidea defendatu" ditu.